Alderdiak hasi dira Goierrin ere hauteskunde kanpainako giroa berotzen
Apenas bi asteko atsedenaren ondotik, alderdiek bete-betean ekin diote berriro hauteskundeetako kanpainari. Goierri mailan, giro beroagoa espero da udal eta foruetako bozetan, aurreko deialdian baino.
Kanpaina bat bukatzerako hasi da bestea. Etenik ez duen hauteskunde lasterketa hau, are gehiago bizkortuko da gainera, datozen bi asteetan. Ostiral goizaldean hasita, Goierriko alderdiek ere bete-betean heldu diote kanpainari.
EAJk Goierriko hautagaiak aurkeztuz hasi du kanpaina, ostiral iluntzean. Jeltzaleen politikaren “puntu indartsuak” azpimarratu zituzten: “kudeaketa eraginkorra eta arduratsua, konpromisoa eta lana”. Datozen hauteskundeetan “iraganaren eta etorkizunaren artean” aukeratu behar dela esan dute, indarrak batez ere industrian eta enpleguan jarrita.
EH Bildu koalizioak berriz, Ordizian eta Urretxu-Zumarragan egin ditu hautagaitzak aurkezteko ekitaldiak. Ordiziako ekitaldian, kanpainari ilusioz ekiten diotela azaldu du Adur Ezenarro alkategaiak, eta “harrokeriarik gabe baina harrotasunez” bidelagun izango duen taldea aurkeztu du. Hauteskundeetako eskuorriak banatzen ere aritu dira asteburuan, Zumarragako azokan.
Bere aldetik, Elkarrekin-Podemosek Urretxu-Zumarragako, Ordiziako eta Ormaiztegiko zerrendak aurkeztu ditu asteburuan. Eta PSE-EEk, larrosak banatu ditu Legazpiko eta Zumarragako azoketan.