Goierriko pentsiodunek elkarretaratzea egin dute Lazkaon
Goierriko pentsiodunek elkarretaratzea egin dute Lazkaon. Gaurkoan gainera indarrez gainezka agertu dira larunbatean hego Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan mobilizazio jendetsuak egin ondoren: Bilbon 10.000; Ondarrun 500; Gasteizen 1.000; Iruñan 700; Donostian 4.000; eta Eibarren 800. Guztira 17.000 bat pertsona atera ziren kalera, pentsiodunen egoera hobetzeko eskatzera.
Goierriko pentsiodunek Gasteizko gobernuari ondorengo mezua bidali diote: “Pentsio baxuenak osatzeko baliabide nahikoa baduela eta ez dezala bere arduragabetasuna eskumen faltaz justifikatu”. Badakitela “pentsioen ordainketa Espainiako gobernuari dagokiola, baita Eusko Jaurlaritzak bere eskumenez baliaturik pentsioak osa” ditzakeela.
Era berean nabarmendu dute “babes sozialeko neurriak ezartzeko Diputazioetako gobernuek nahikoa gaitasun eta baliabide ekonomiko” dutela.
Bestalde “Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernuari beraientzat pertsonak garrantzitsuena direla entzuteaz aspertuta” daudela ere esan dute. Horregatik, exijitzen dute “nagusien egoitzetako gatazkari irtenbidea eman” diezaiotela, besteak beste.