Itzulikoan etxeko biak irabaztera behartuta daude, kanporaketa gainditzeko.
Ez du emaitza ona lortu Ordiziak palako Herriarteko Txapelketako joaneko partidetan. Talde urdinari Oiartzun egokitu zaio aurkari, iazko Herriarteko Txapelketako irabazlea, eta joan den asteburuan Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan jokatu zituzten lehen kanporaketako joaneko neurketak. Ordiziarrek bi partidak galdu zituzten (larruzko paletan eta pala motzean), eta itzulikoan etxeko biak irabaztera behartuta daude, kanporaketa gainditzeko.
Larruzko paletan, Iñaki Aranburuk eta Gorka Berasategik jokatu zuten. Mujika-Juanes bikotearekin neurtu zituzten indarrak. Oiartzuarrak aurretik joan ziren partida guztian, eta hamar tantoko errenta ere lortu zuten, 32-22 aurratzeraino. Ordiziko bikoteak, baina, ez zuen burua makurtu eta amaierara arte eutsi zion lehiari. Neurketa 34-34 berdintzea lortu zuten, eta azkenean tanto bakarrarengatik egin zien ihes garaipenak (35-34). Pala motzean, Aitor Luzuriagak eta Zuhaitz Letamendiak 40-18 galdu zuten Oinatz Aizpuru eta Orkartz Argoteren kontra.
Ordiziarrek asteburuan jokatuko dituzte itzuliko partidak. Oraingoan, kantxa izango dute aldeko, eta kanporaketa zail jarri zaien arren, ezustekoa ematen ahaleginduko dira oiartzuarrei etxean bi partidak irabazita. Kanporaketa gainditzeko, bi neurketak irabazteaz gain, 23 tantoko aldeari buelta eman beharko diote