Monica Monteagudo Ormaiztegi Elkarrekin koalizioaren alkategaia da
Hautagaitza aurkeztu dute Ormaiztegin lehenengoz; Ormaiztegi Batzen zein EH Bildurekin batera lehiatuko da udal hauteskundeetan
Monica Monteagudo da Elkarrekin Ormaiztegi koalizioaren hautagaia maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan. Alderdia aurkeztea berritasuna da orain artean ez baitute hautagaitzarik aurkeztu. Diotenez, aurkezteko arrazoi nagusia honakoa da:
“Ormaiztegiko Udalan bi alderdi politiko baino gehiago ordezkatuta egotearen beharra ikusten dugu, gure inguruko beste herri askotan gertatzen den bezala, aniztasunak herrigintza aberasten duelako”.
Ormaiztegirako dituzten proiektuak biltzen dituzten programaren lau ardatz nagusiak aletu dituzte:
1.- Energia eta ura: Langileria gastua kenduta, gastu energetikoa da Udalaren 2. garrantzitsuena, garbiketa eta hondakinen kudeaketa ondoren. Partida hau normalean departamentu eta arlo desberdinetatik sakabanatuta dagoenez, Udaletxeetan deskontrolatuta dago. Gainera, urtero %10 batazbesteko igoera jasaten duen partida bat da. Honek esan nahi du, kontrol bat ezartzen ez dugun bitartean, diru publikoa oligopolioko enpreseei oparitzen ari garela, Iberdrolari, besteak beste. Honengatik, Ormaiztegiko energia-diagnostikoa egitea proposatzen dugu, jarduteko guneak lehenesteko eta energia eta ur-kontsumoak, hau da, fakturak eta inpaktuak, murrizteko. Lortzen ditugun aurrezpenak, energia berriztagarriak sustatzeko hala nola beste giza beharretan erabiliko ditugu.
2.- Mugikortasun jasangarriko plan bat egitea, parte-hartzean oinarrituta, eta udalerriko trafikoa, astuna, batez ere, arautuko duen araudi bat garatzea.
3.- Kirol-eremua zabaldu nahi dugu, instalazio berriekin: Zentzumenen abentura anitzeko parke bat, padel-pista, petanka, e.a… Instalazioen kudeaketa udal-enpresa baten eskutik egitea da gure asmoa.
4.- Enpresa-jardueren ekintzailetza eta pertsonak baldintza berdinetan ahalduntzea bultzatzeko eta horretan laguntzeko guneak sortu nahi ditugu.