Ataunen baserriko gaien azokan goratu dute herriko nekazaritza
San Isidro eguna ospatzeko San Gregorioko frontoian antolatu dute aurten erakusketa. Barazki, ziza, gozo eta pastel eta ardi-gazta aukera oparoa bildu dute, den-dena Ataungoa.

San Isidro eguna gaur, Ataungo baserritarrei erakusleihoa jarri diete. San Gregorion egokitu da feria, urtero auzoz txandatzen baitute. Zelai frontoian jarri dituzte postuak. Horrez gain, ‘Ataun lehen eta orain’ baserrien argazki erakusketa izan da nobedadea. Joan Arin Dorrontsorok 1920 aldera ateratako eta berriki Murkondo, Haitzarri eta Atauniker elkarteek berritutako irudiak jarri dituzte, jende askoren arreta piztu dutenak.
Baratzeetako produktuen sei mahai jarri dituzte, beste horrenbeste herritarrek eramanak: Martin Arruabarrena, Pili Eskisabel (Espilla), Joxe Manuel Begiristain (Txuloa), Felipe Munduate (Telletxe), Inazio Garmendia eta Jesus Leunda (Otxotxo). Horiekin batera, Hafidha Gharbi ataundarrak berak egindako pastak, pastelak eta gozoak saldu ditu.
Udaberriko zizak biltzeko eta eramateko lana ere hartu dute bi ataundarrek. Pello Auzmendik eta Felipe Munduatek saskikada dotore bana jarri dute.
Bien bitartean, Ataungo zortzi artzainek egindako gaztak probatzeko modua izan da. Honako gaztagileenak zeuden ilaran: Joxe Mari Goikoetxea (Sotxota), Juan Mari ‘Errezil’ (Aitzarte), Juan Isidro Sukia, Julen Herguedas (Eskitxal), Jose Inazio Arratibel (Juanane), Mikel Begiristain (Iberondo), Aitor Tato eta Josu Aldasoro (Troskaeta) artzainenak.

Aitor Roman zena oroitzeko jarri duten eskaintza./Aimar Maiz
Aitor Roman gogoan
Martxoan bat-batean hil zen Aitor Roman nekazari ataundarra ere gogoan izan dute. Mahai bat eskaini diote, haren argazkia eta lore sorta bat jarrita, eta eskolako haurrek ale mota ugarirekin osatu duten mosaiko-irudi bat osatuta. Barandiaran herri eskolako haur saldo batek alaitu du feria, goiz erdian.
Arratsaldean, Otsobatza kontsumo taldeak omenalditxoa egingo dio Aitor Roman zenari. Barazkiekin hornitzen zuen. San Gregorioko plazako sekuoiaren azpian elkartu, eta ekitalditxo bat eta merienda egingo dituzte.
Ataungo baserritarren bazkaria Pelotazale elkartean egin dute. 40 lagun elkartu dira. Santi eta Katxo trikitilariek alaitu diete mahai-buelta, ondoren.












