«Herritarren ahotsa izaten saiatuko gara»
Merkataritza eta Harreman Publiko teknikaria da. Koordinadora Feministako eta hainbat kultur elkarteko kidea da. «Indartsu» sentitzen da. «Talde zoragarria dut. Beti itzalean aritu naiz, oso gaztetatik Alderdi Komunistako kidea naiz, eta badakit udalak nola funtzionatzen duen. Antiguarekin plataformako kidea izan nintzen eta Hirigintza batzordeetara joaten nintzen», aipatu du Benitezek.
Berak eta bere lan taldeak herritar guztien eskubideak defendatuko dituztela aurreratu du. «Herritarrengandik gertu egongo gara, guztien eskubideak bermatzeko. Bestalde, Urretxu eta Zumarragarren arteko elkarlana bultzatzen saiatuko gara».
Udaletxeko ateak parez pare ireki nahi dituzte. «Zerbait erabaki behar denean, parte hartzea bultzatuko dugu. Bestalde, herritarren ahotsa izaten saiatuko gara. Herri parte hartzaile, justu, feminista eta sozialagoa nahi dugu. Horretaz gain, ingurumenaren eta merkatarien alde lan egingo dugu. Jendeak herrian erostea nahi dugu. Gazteei dagokienez, gizartean beraien tokia aurkitzen lagunduko diegu. Orientazio tailerrak antolatu nahi ditugu. Ikusi dezatela gizartearen parte direla eta beraien parte hartzea erabat beharrezkoa dela».