Aukera bakarra, baina bateratua
Herrian bertan hautagaitza bakarra osatu dute Gabirian, Gaintzan, Mutiloan eta Ezkion. Hauteskunde 'demarik' izango ez bada ere, lanketa berdin-berdin egin dute
Aukera askoren edo ezberdinen artean gustukoena hautatzeko modua izatea da demokraziaren ezaugarri bat. Bestela pentsatzen dutenen arteko erdigunea eta adostasuna lortzea, berriz, emaitza. Biztanle gutxiko Goierriko lau udalerrik herrian zerrenda bakarra osatu dute. Gaintzako Herria eta Mutiloako Herri Kandidatura izango dira maiatzaren 26an hautetsontzian sartzeko hautagaitza bakarrak, Gaintzan eta Mutiloan. Ezkion eta Gabirian, bertako aukeraren ondoan, PSE-EEk aurkeztu du, kanpoko hautagaiekin. Ezkioko aukera beste artikulu batean landuko du GOIERRIKO HITZAk, datorren astean.
GABIRIAKO GHE ELKARTEA
2015eko esperientziari jarraituz, Gabiria Hautesle Elkartean batu dituzte indarrak gabiriarrek. Lantalde guztiz berritua izango du udalak, hasi Oier Oiarbide alkategaiarengandik, eta udalbatza osatuko duten gainontzeko sei zinegotzietara; estreinako aldiz aurkeztu dira zazpiak. PSEk Mikel Aingeru Telletxea Aizpuru donostiarra jarri du lehenengo.
«Gabiriaren oraina eta etorkizuna eraikitzen jarraitzeko, zerrenda bakarra osatu dugu. Badakigun arren herrian iritzi ezberdinak dauzkagula, ezinbestekoa iruditzen zaigu elkarlanean eta batera jardutea», dio GHEk programan.
Bost batzordeen antolamenduari eutsiko dio 2019-2023an, ekarpenak haietan egin daitezen bultzatuz. «Inplikazioa» eskatu die herritarrei. Abian diren ekimenei segida emango die.
Hirigintza arloan, herri kaskoaren hazundea Arroaga aldera bideratuko du. Etxebizitza ereduari «beste buelta bat» eman nahi dio, eta auzoei eta baserriei «behar bezalako atentzioa». Ur zikinen sarera lotzea da egingai bat. Herriko bide guztien inbentarioa gauzatuko dute.
MUTILOAN KANDIDATURA
Mutiloako Herri Kandidaturak esperientzia eta aurpegi berriak uztartu ditu. Gaur egungo udalbatzako zazpitik lauk jarraituko dute, Iñaki Ugalde alkatea barne (2003tik da udal buru). Herria «Mutiloan bizi garen guztiok» osatzen dutela, eta «herritik sortuta herriarentzat lan egingo duen pertsona taldea» da Herri Kandidatura.
«Etorkizuneko proiektuak» identifikatu nahi dituzte hurrengo lau urteetan. Bien bitartean, hasitakoak bururatuko dituzte: Errotatxo eraikina, baserri bideak, bidegorri aukera aztertu, plazako etxeak bukatu eta saldu… Mendi publikoen erabilera-araudia sortu nahi dute, eta herriko aberastasun naturalari eta paisariari balioa eman, meatze eremua ezagutarazten segituz eta zabor kudeaketa hobetuz.
Gazteentzat bilgunea eratzea da beste asmo bat. Beste erakunde batzuen laguntza beharko eta bilatuko dutela aurreratu du.
GAINTZAN, «NATURAL»
Gaintzako Herria taldeak bost herritar izendatu ditu udala gobernatzeko. 250 biztanle baino gutxiagoko udalerria denez, bozketa pertsonala izango da, ez zerrenda itxi osoarena. Hala, eta alfabetikoki ordenatuta, Auritz Aurtenetxe, Gaizka Balerdi, Andoni de Castro, Ignacio Javier Garmendia eta Uxue Irastortza dira zinegotzi gaiak. Ez dute programarik osatu, ez argazkirik atera. «Natural» joango da dena.