Bideak hobetzeko nahia
ALTZAGA. Altzaga Denok Elkarrekin eta Altzaga Artea Taldea dira aurkeztu diren bi taldeak. Esperientzia da batak eskaintzen duena, perfil oso desberdinetako jendea izatea besteak
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan bozka nominala egingo dute Altzagan, 250 biztanletik beherako herria delako. Hori horrela, aurkeztu diren bi zerrendek bosna hautagai aurkeztu dituzte eta herritarrek lau aukeratu beharko dituzte. Altzagako Artea Taldearen barruan, azkeneko lau urteetan alkate izan den Mitxel Arizkorreta Baron, Ainhoa Gonzalez Garzia, Iñigo Olano San Sebastian, Mikel Estala Ormazabal eta Jose Inazio Urdangarin Olano daude. Altzaga Denok Elkarrekin taldean, berriz, Asensio Urretabizkaia Igarzabal, Harritxu Muxika Legorburu, Maria Teresa Garmendia Erauskin, Ion Mirena Garmendia Urrujulegi eta Maria Asuncion Garzia Sanz.
Azkeneko legealdian «burututako lanak eta bukatu gabekoak gogoz, konpromiso handiarekin eta elkarlanean jarraitzekotan» agertu dira Artea Taldekoak eta orain arte ikasitakoa praktikan jarriko dute gainera.
Altzaga Denok Elkarrekin, berriz, talde berria da. «Gogotsu eta herriari laguntzeko prest» datoz. Perfil oso desberdinetako pertsonak daude, eta horrek «egoera bakoitzean ikuspuntu desberdinetatik begiratzeko aukera» emango diela esan dute.
Proiektu nagusiak
Bi taldeak indartsu daude eta proiektu ugari dituzte hurrengo lau urteerako, baina horietako bitan bat datoz, komunikazioak hobetzea kasu. Aramatik Altzagaratera doan errepidea zabaldu edo hobetzea dute helburu. Auzoekin bakarrik ez, inguruko herriekin komunikazioak hobetzea ere proposatzen du Altzaga Denok Elkarrekin taldeak. Amankomunean duten beste puntuetako bat, inguruko mendi ibilbideak sendotzea da.
Bestalde, uren kudeaketari dagokionez, ur zikinen kolektoreari gelditzen zaizkion bi adarrak egitea, pilotalekuko bigarren fasea egitea, arau subsidiariarioen berrazterketa egitea, herri baratzeen erabilera sustatzea eta gaikako hondakinen bilketako datuak hobetzeko neurriak hartzea dira Artea Taldearen proiektuak.
Etxebizitza gehiago eraikitzea eta baserritarren egoera nolakoa den ezagutzen dutenez, mendi bideen garbiketarekin eta basoen inguruko gaiekin laguntzea da Altzaga Denok Elkarrekin taldeak herritarrei egindako proposamenak.