Freskotasuna nagusituko da
ARAMA. Bi zerrenda, Aramako Herri Batzarra eta Aramako Herritarrak, eta 10 hautagai aurkeztu dira Araman. Hirigintza izango da erronkarik handiena
Duela lau urte egin zuten moduan, bi zerrenda aurkeztu dira Araman: Aramako Herri Batzarra eta Aramako Herritarrak. Bosna lagun dituzte hautagaitza zerrendetan. Aurretik udalean sekula egon gabeko herritar gazteak dira gehienak, lanerako «gogotsu eta ilusioz» datozenak. Faktore horiek kontuan izanda aurreikus daitekeena da, udala osatzerakoan freskotasuna nagusituko dela Goierriko herri txikienetako batean .
Aurkeztutakoak herri kandidaturak dira biak, izan ere, Arama 250 biztanle baino gutxiagoko herria izanik, maiatzaren 26ean bozka nominala izango da, hau da, bozka ez diote taldeari emango, baizik eta pertsonari. Hori horrela, herritar bakoitzak gehienez lau hautagai aukeratuko ditu 10 hautagai posibleetatik, eta bost bozkatuenek osatuko dute udal taldea. Boskote horrek erabaki beharko du alkatea zein izango den.
Hautagaitzak, aurrez herri mailan lanketa eta aurre aukeraketa bat egin ostean erabaki dituzte. Hortaz ,zerrendetan agertzen diren 10 pertsonak prozesu horren guztiaren emaitza dira. Aramako Herri Batzarra taldearen hautzagaitza zerrenda ondorengoa da: Luis Garmendia Sagastume, Imanol Arangoa Abadia, Iker Irribarria Olazabal, Ana Teresa Gorostizu Telleria eta Joseba Mirene Basarte Galarza. Aramako Herritarrak taldearen zerrenda, berriz, ondorengoek osatzen dute: Ion Barbadillo Etxeberria, Unai Galparsoro Presa, Asier Unanue Diez, Miren Jasone Aranburu Garmendia eta Asier Muñagorri Garmendia.
Lan ildoa
Hurrengo urteetarako lan ildoari dagokionez, «aurreko udal taldeak egindako lanari jarraipena ematea» izango da, nahiz eta udal taldea ia osotasunean aldatu. «Herri mailan funtzionatzen jarraituko» dute, «herritarren parte hartzea bultzatuz eta haien beharrak asetuz». Martxan dauden proiektuak gauzatzen saiatuko dira.
Beste helburuetako bat «herriari bizia ematea» izango da, Arama «lotarako herria bakarrik ez dadin izan».
Hirigintzako bi proiektu
Hirigintzarekin lotutako bi proiektu anbiziotsu dituzte: bata, etxebizitzei lotua. «Gazteak herrian gera daitezen gauzatu beharreko proiektua da».
Bestalde, apaiz-etxea erosi zuten iaz eta «eraikin hori bizi berritu» nahi dute, «herriko erreferentzi berri bihurtuz».