Gaintzan Herri Eguna ospatuko dute bihar, harremana sendotzeko
Egun osoko egitaraua prestatu dute Gaintzako Udalak eta herritarrek biharko, bigarren aldiz Gaintzako Herri Eguna goitik ospatzeko. Herriari bizitasuna eman, eta gaintzarrek lotura estutzeko balio izatea nahi dute.
Batukaleroak batukada taldeak hasiko du festa, 12:00etan, Oteñetik Kaletxikira kalejira eginez. Haurrek prestatutako pintxoak jango dituzte On-Biden. Herriko gazteek taberna jarriko dute. 14:30ean, herri bazkaria pilotalekuan egingo dute. Paella handia, postrea, edaria eta kafea dituzte menuan (10 euro, umeek 5). Mikel Tapia eta Eneko Araiztegi bertsolariak izango dira.
Arratsaldean, txapela jaurtitze txapelketa (16:30), zunba gimnastika-dantza Olatz eta Virginia irakasleek gidatuta (17:00), eta buruhandiak daude (17:30).
Andoni Ollokiegi abeslari
Iluntze parterako, Andoni Ollokiegi musikariaren emanaldia antolatu dute Gaintzan. 18:00etan hasiko da. Gitarra eta ahotsa lagun, umorea eta doinuak zabalduko ditu.
San Joan bezperarako, bestetik, Ordiziako Amets-Bide dantza taldeko irakasle batek herri dantzak erakutsiko ditu. Izena maiatzaren 24rako eman behar da (udaletxean edo 669 460 949ra Whatsapp mezua).













