Lehendakaria Legazpin egon da
Agirre-Etxeberriko Doinua musika eskolan izan da, dantzariek eta txistulariek egin diote harrera eta barruko aldea ikusi ondoren musikari gazteek bi pieza jo dituzte
Gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakariak Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuarekin batera Legazpiko Agirre-Etxeberri bisitatu du. Sustraiak eta Korosti dantza taldeetako bi dantzarik aurreskua dantzatu diote Goiz Deiako txistulariek jotzen zuten bitartean. Patrizio Etxeberriaren etxea izandako Agirre-Etxeberri eraikina kanpotik eta barrutik ikusi dute lehendakariak eta sailburuak; Urkulluk arkitektura aldetik Ajuria-enearekin antzekotasunak dituela esan du. Ondoren, musika eskolako gelak ikusi ditu eta klarinete-ikasle talde batek, Jesus Castillejo Legazpiko Musika Bandako zuzendaria bidelagun zutela, bi pieza eskaini dizkiete. Agirre-Etxeberri bisitatu ondoren Urretxun dagoen bailarako Emakumeen Etxea ikustera joan dira.