Pentsiodunen gaia kanpainaren erdigunera eraman dute Legazpin, alkategaiekin antolatutako mahai-inguruan
Udal hauteskundeen harira mahai-ingurua egin dute Legazpin, Agijupens Gipuzkoako elkarteak antolatuta. Herriko lau alkategaiek pentsioen eta hirugarren adinekoentzat dituzten proposamenen inguruan hitz egin dute.
Legazpiko Gizarte Zentroan egin dute udal hauteskundeen atarian Goierrin antolatu duten alkategaien mahai-inguru bakarra. Pentsiodunek eta jubilatuek antolatu dute, haiek zuzenean ukitzen dituzten gaiei buruz mintza daitezen. Asteazken arratsaldean egin zuten mahai-ingurua, eta Legazpiko udalerako hautagai nagusiak elkartu zituzten. Tere Madinabeitia eta Cristina Limia kazetariek mahairatutako galderak erantzun zituzten; hiru minutu galderako, zortzi galdera eta urrezko minutu bat. Maiatzaren 26ko hauteskundeetan botoa emango dutenen herena, gutxienez, adinekoak izango dira.
Mahai-inguruaren aurkezpena Luis Mari Muruak egin zuen Agijupens, Gipuzkoako jubilatuen eta pentsiodunen izenean. Ondorengoak luze jo zuen arren, ez zen ika-mikarik sortu eta giro onean aritu ziren alkategaiak. Aitzitik, nork bere erantzunak eman zituen eta, beharbada, mahai-inguruak solasalditik behar baino gutxiago izan zuen. Nolanahi ere, giroaren bareak hauteskunde biharamunean adostasun askotara iristeko moduan egon daitezkeela iradoki zuen; batik bat, irabazle suertatzen denak borondate hori baldin badauka.
Zortzi galdera
Zozketaz hitzartutako hurrenkeran erantzun zuten eta ondoren txandak aurreratzen joan ziren. Hasteko adinekoak ordezkatuko lukeen zinegotzi baten beharraz galdetu zieten. Inork ez zuen behar hori nabarmendu, eta nor bere erara adineko legazpiarren behar izanak asetzeko ahal beste egiteko prest agertu zen.
Bigarren galdera mamitsua izan zen. Hain justu, Legazpin nagusientzako dauden zerbitzuak baloratzeko eskatu zieten, baita Bellotakoa izandako pentsiorako duten proiektua azaltzea ere. Alberto Bezunartea zerbitzuak «gainezka» daudela esan zuen eta «nahikoa langile ez» dagoela. Zerbitzuak berriro udalekotzearen alde agertu zen, irmo. Pentsioari dagokionez, erantzun guztietan errepikatuko zuen bezala, «adinekoekin hitz egin nahiko genuke euren iritziak jasotzeko». Edurne Gonzalezek EH Bilduren programaren ikurretako bat aipatu zuen: zentro sozio sanitarioa. «Trantsizio espazio bat litzateke, familiek euren senideak bestelako guneetan egokitzeko itxaroten duten bitartean», azaldu zuen. Espazio hori pentsioan egingo lukete.
Oscar Valbuena hainbat zerbitzuri bultzada ematearen alde agertu zen; adibidez, etxez etxeko laguntzari, zaintzaileei arnasa emate aldera. Pentsioaren proiektua gauzatzeko aldundiarekin eta jaurlaritzarekin elkarlanean aritzearen aldekoa agertu zen. Koldobike Olabidek ondoren erantzun batean baino gehiagotan aipatuko zuen fenomenoa ekarri zuen, «bakarrik dauden pertsona horiei guztiei ez ditugula ahaztu esan nahi diet, eta gure helburuetako bat dela haien bakardadea arintzea». Pentsiorako aukera asko aurkeztu zituen, «adinekoentzat eta adinekoak ez direnentzat ere bai».
Zahartze aktiboaren eta osasuntsuaren alde ekintza ugari gauzatzeko prest agertu ziren alkategai guztiak. Den-denak ildo bertsuetatik joan zirenez, adostasunak lortzeko eremua izan liteke.
Gizarte Zentroa
Legazpiko Gizarte Zentroan egingo lituzketen berrikuntzei buruz galdegin zieten kazetariek; baita bigarren zentro bat egitearen aukeraz ere. Gizarte Zentroan zer berritu badagoela esaterakoan bat etorri ziren denak. Hegialdeko zentroa egingo luketela esan zuen Oscar Valbuenak; are, sozialisten programaren ikurretako bat da. Olabidek baloratu beharreko aukera dela esan zuen; bestetik, agindu zuen «informatika instalazioa jarriko dugu izapideak bertatik bertara egiteko». Bezunarteak gizarte zentro «autogestionatu» baten aldarria egin zuen. Gonzalezek, Hegialden funtzio anitzeko espazio baten sorrera jaso dutela esan zuen.
Pentsio sistema publikoaren alde egin zuten denek. Olabidek ere bai, nahiz eta gaia Europako Legebiltzarrean apirilean egindako bozketaren harira atera zuten. Bozketa hartan pentsio plan pribatu paneuroparraren alde bozkatu zuen alderdi bakarra mahai-inguruan zeudenetatik EAJ izan zen.
Mugikortasunaz hitz egin zuten aldapatan eraikitako herri batean, eta guztiak agertu ziren irisgarritasuna hobetzeko prest. Euskarari bultzada eman eta Mintzalaguna zein Euskaraldia aipatu zituzten, besteak beste. Azken galdera adineko pertsonekin udalak dituen informazio kanalen egokitasunari buruzkoa izan zen. Idazketa eta irakurketa errazaz hitz egin zuten denek.
Udal hauteskundeetako emaitzak direnak direla, mahai-inguruari erreparatuta sortuko den udalbatzak akordio eta hitz egiteko gaitasuna izango duela esan liteke. Ea hala den.