BORROKA ESTUA URRETXUN
Duela lau urte EAJk hamalau botoko aldearekin irabazi zion EH Bilduri, eta aurten ere, lehia estua espero da. Udalean ordezkaritza duten alderdien alkategaiak Jon Luqui (EAJ), Iñaki Etxaniz (EH Bildu), Nati Nieves (PSE-EE) eta Oroitz Agirre (Elkarrekin-Podemos) dira.
Urretxuarrek sei hautagai zerrenda izango dituzte aukeran maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan. Egun ordezkariak dituztenak EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Irabazi dira eta horiek dira oraingoan ere hautagaiak lortzeko aukerak dituztenak. Alkatetzarako lehian borroka estua aurreikusten da, duela lau urte EAJk EH Bilduk baino hamalau boto gehiago eskuratu baitzituen.
EAJren hautagaia egungo alkatea da, Jon Luqui, eta EH Bildurena Iñaki Etxaniz zinegotzia. PSE-EEren hautagaia Nati Nieves zinegotzia da eta Elkarrekin Podemosena Oroitz Agirre. PPk Maria Tijera aurkeztu du eta Escaños en Blancok Daniel Alberdi.
EKONOMIA
Ekonomiari dagokionez, EAJk enpresa eta jarduera ekonomiko berriak bultzatu nahi ditu Irimo, Sarralde eta Kaminpen. Gainera, Mugitegi industrialdea biziberritu nahi du. Merkatariei laguntzeko, berriz, azpiegiturak hobetu nahi ditu eta ekintzaileei lagundu nahi dei. Urretxuko enpresen lehiakortasuna hobetzeko lan egingo dutela ere agindu dute.
EH Bilduren ustez, kohesioa ezinbestekoa da garapen sozioekonomikoa lortzeko. Urretxuko alde zaharra erakargune bihurtu nahi dute, herritarrek erosketak herriko dendetan egin ditzaten. Gainera, merkataritza hirugarren sektoreko beste arlo batzuekin uztartu nahi dute: turismoa, kultura eta aisialdia, esaterako. Eskualdeko industria politika bultzatu nahi dute, Irimo eta Kaminpe biziberritzeko. Bestalde, Urretxu 2030 plan estrategikoa garatu nahi dute, gizarte eragileekin.
PSE-EEk enpresei lurzoru publikoa eskainiko dietela, tokiko merkataritza bultzatzeko ekintzak garatuko dituztela eta merkatariei zuzendutako aholkularitza eta prestakuntza programak ezarriko dituztela agindu dute.
Elkarrekin Podemos koalizioak, berriz, eskualde mailako plan bat garatu nahi du, konpromiso eta aurrekontuekin. Kalitatezko lana mantentzeko, politika aktiboak eta errealistak landuko dituztela aipatu dute. Gainera, industrialdea berritu nahi dute eskualdeko enpresak erakartzeko eta merkatariei lagundu.
ONGIZATEA
EAJk pasiotarren komentuan Aspaceren zentro integrala ireki nahi du, adinekoen partaidetza bultzatu, bakardadearen aurkako neurriak hartu, pertsona eta kolektibo ahulenei zerbitzu eta arreta soziala bermatu eta bizikidetza eta inmigrazio plana bultzatzen jarraitu.
EH Bilduk pasiotarren komentuan apartamentu tutelatuak egin nahi ditu, eguneko zentroko plaza kopurua handitu eta 2011n martxan jarri ziren parte hartze gune iraunkorrak berriro aktibatu. Gainera, baliabide gutxien dutenei UGLEn ikasteko laguntzak eman behar zaizkiela aipatu du.
PSE-EEren asmoa gizarte laguntzako zerbitzuak zabaltzea, bizi ohitura osasungarriak sustatzea, adinekoekin lagunkoiagoa izango den herri bat bultzatzea eta genero indarkeriaren sentsibilizazio eta prebentziorako kanpainak abian jartzea da.
Elkarrekin Podemosek, besteak beste, begirada feminista erabili nahi du martxan jarriko diren politika eta ekintza guztietan. Ekimen guztien funtsa pertsonen ongizatea izan behar dela aipatu dute.
KULTURA, KIROLA, EUSKARA
Alderdi guztiek kultura, kirola eta euskara bultzatuko dituztela agindu dute. EAJk Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena eta Urrelur eta Aikur museoak bultzatzeko ahalegina aipatu ditu.
EH Bilduk kultur etxea handitu nahi du, Iparragirre kaleko lokal hutsak erabiliz. Horretaz gain, elkarteekin egiten den elkarlana hobetu nahi du eta kiroldegiaren ordutegia zabaldu.
PSE-EEk liburutegia modernizatu nahi du, eskualdeko kirol txartela ezarri eta emakumeek eta gutxitu fisikoek eta psikikoek kirola egitea bultzatu.
Elkarrekin Podemosek kultur eta kirol gaietan Zumarragarekin batera lan egiteari lehentasuna ematen dio, diru gutxiagorekin azpiegitura eta zerbitzu hobeak lortzeko.
HIRIGINTZA
EAJk goiko auzoak Labeaga kalearekin lotu nahi ditu, igogailuen bidez. Horretaz gain, Jose Mari Lasa plazatik Grupo Santa Barbarara doan eremua eraberritu nahi du.
EH Bilduk alde zaharra biziberritu nahi du eta aparkaleku gehiago egin nahi ditu, Nekolalden, adibidez. Gainera, disuasio-aparkalekuak egiteko aukera aztertu nahi du.
PSE-EEren asmoa goiko auzoetako irisgarritasuna hobetzea, Nekolaldeko aparkalekua birgaitzea eta garraio publiko jasangarria bultzatzea da.
Elkarrekin Podemosek auzoetako, eraikin publikoetako eta baserrietako irisgarritasuna hobetu nahi du. Gainera, hirigintzan eta trafikoan ere Urretxuk eta Zumarragak elkarrekin lan egitea bultzatu nahi du.
GAZTERIA
EAJk Lilibason alokairu sozialeko etxebizitzak eraiki behar direla gogoratu du. Helburua gazteen emantzipazioa erraztea da. Gainera, nerabe eta helduentzako espazioak bultzatuko dituztela agindu dute.
EH Bilduk Etxebizitza Plana egin nahi du, gazteen emantzipazioa errazteko. Gainera, diru-laguntzak eman nahi dizkie etxebizitzak alokatzeko. Hezkuntzari dagokionez, ikastetxeen mahaia eratu nahi du. Helburua hiru ikastetxeek elkarrekin baloreen transmisioa bultzatzeko egitasmoak lantzea da.
PSE-EEk ekintzaileei laguntzeko prestakuntza eta aholkularitza programak bultzatzeko asmoa du. Horretaz gain, Wi-fi guneak aktibatu nahi ditu in- formazio eta komunikazioaren teknologiak gazte guztien esku egon daitezen eta ludoteka bat zabaldu.
Elkarrekin Podemosek gazteen emantzipazioa eta bizi kalitatea bere lanaren ardatz izango dituela agindu du.
PARTE HARTZEA
EAJk Urretxu denen artean eraiki behar dela uste du, elkarrizketa eta akordioa baliatuz. EH Bilduk 2011n eraikitzen hasi zirena berreskuratzeko eta herritarren ahotsa aintzat hartzeko asmoa du. PSE-EEk herritarren partaidetza sustatu nahi du udal bizitzan. Bukatzeko, Elkarrekin Podemosek herritarrekin elkarlana bere programaren puntu garrantzitsuenetako bat dela dio. Elkarteekin hilero elkartzeko asmoa dute.