Olaberria bitasunerantz
Udalbatzako gidaritza hartzeko OEO eta EH Bildu dira aukera behinenak Olaberriak. Udala ondo ezagutzen duten bi olaberritar dituzte buru: Jokin Garmendia eta Aitor Urkiola
Joanak dira Olaberrian lau, bost edo sei hautagaitza aurkezten ziren garaiak. Igandeko udal hauteskundeetarako, herrian bi zerrenda osatu dituzte: OEO Olaberriarekin eta Olaberritarrak eta EH Bildu. PSE-EEk ere atera du hautagaitza, Alfonso Segade beasaindarra aurrena jarrita. Nahiz aldi oro aurkeztu, 1999an lortu zuen azken zinegotzia Alderdi Sozialistak Olaberrian.
Jokin Garmendia (Olaberria, 1965) gaur egungo alkatearen OEO eta Aitor Urkiolak (Olaberria, 1974) gidatuko duen EH Bildu dira —2007an ere alkategai aurkeztu zen— aukera errealak.
OEOk Ihurreren berrikuntzan jarraitzeko ipiniko du ahalegina. Auzoko azpiegiturak, kirol eremuan tenis pistak estali eta bertan taberna bat jarri nahi du. Herrigunean plaza bat estali, Zezilionea inguruan aparkalekua, Altune-Kaskoa oinezko bidea, karabanentzat zerbitzu gunea kaskoan, eta Zebazelai parkean automatikoki garbitzen den komuna jartzea ditu beste proposamen batzuk. Frontoiko aldagelak berritu premian ikusten ditu.
Ekintzaile gazteentzat ideia-inkubagailua eta start up filosofia jarri nahi ditu OEOk. Herri eskolaren eta haur eskolaren «apustuarekin» segi, udal zerbitzuetan herritarrei hobariak eman, eta industrian garapen jasangarria bultzatuko ditu. Baserri guztietara Internet banda zabala iritsaraztea ere agindu du.
Ongizatean, etxera erosketak eta otorduak eramateko laguntzak jarriko lituzke, mendekotasuna duten pertsonentzat. Gazte eta nerabeentzat, zein adinekoentzat orain dauden ekinbideekin jarraitzea da beste asmo bat.
Etxebizitzaren arloan, babes ofizialekoak eta mugikortasun urrikoentzat egokituak alokairuan jartzea proposatu du.
EH Bildu, bost ardatzetan
Olaberria «lotarako herri» bihurtzearen kezkak mugitu du Aitor Urkiola, EH Bilduren alkategaia. «Gazteak badoaz, eta herri eskolaren proiektuak sustapena behar du. Argi izan behar dugu horiek direla etorkizuna». Herritarrak aktibo izatea bilatu nahi du, «herri anitza, kohesionatua eta dinamikoa» sortzeko: «Herriaren erritmoa bizitu, herritarrak herriarekin laketzeko bideak aurkitu eta ilusioa piztu».
Bost ardatz jarri ditu EH Bilduk lehentasuntzat. Mugikortasunean inbertituta, oinezkoen auzo arteko loturak segurtatu eta trafikoa ordenatu. Parte hartzeari indarra eman nahi dio, «aurrekontuen diseinuan, obren inguruan, kezka ugariren inguruan…» egitasmoak partekatu eta ekarpenak jasota.
Arlo sozialean, gazteriaren diagnosia egin, beharrak jaso, etxe hutsen azterketa egin, eta alokairua bultzatuko luke EH Bilduk, etxebizitzaren gaian. Gizarte zerbitzuetako aurrekontua «indartu» beharreko ikusi du.
Jarduera ekonomikoan, herri jasangarria, orekatua eta bizitza kalitateduna nahi ditu. Olaberriko ekoizleek produktuak merkaturatzeko formula ezberdinak eta kontsumo taldeak sortzea ere aurreikusi du.