Ataunen EH Bilduk jarraituko du udalaren gidari, Aramendi buru dela
Bost zinegotzi ditu EH Bilduk, seigarrena gertu zuela; lau ditu EAJk. Bototako berdinketa historikoa hautsi da.
Ataunen eskukada baten baitan ibili izan dira herriko bi hautagaitza politikoak historikoki, baina igandean puskatu zen joera. EH Bilduk aldea nabarmen handitu du. Azken udal bozetan baino 76 boto gehiago jaso ditu, 563 guztira. EAJk, berragerpenean (1991an aurkeztu zen azkeneko aldiz bere siglekin), Herrigintza hautesle taldeak 2015ean baino 68 boto gutxiago batu ditu, bien bitartean: 408 boto. PSE-EEri 10 paper eman dizkiote.
Hirugarren agintaldian jarraian, EH Bilduk gobernatuko du Ataungo Udalean, hirugarren alkatearekin: Martin Aramendi. Lehen aldiz aurkeztu da.
Zenbaketan oso aurrera joan arte 6/3 banaketa ematen zuten arren, %100arekin azkenean EH Bilduri bost zinegotzi eta EAJri lau geratu zaizkie. 50 botoren tartearekin atera du alderdi jeltzaleak bere laugarren kidea.