EH Bilduk zortzi herritan irabazi du, eta EAJk eutsi egin dio herririk hazienetan
EH Bilduk lortu du boto eta ordezkari kopururik handiena Goierrin; ohiko herriez gain, Ordizian eta Idiazabalen ere irabazi du. EAJ izan da nagusi Beasainen, Lazkaon, Legazpin eta Urretxun, eta PSE-EE Zumarragan.
Udal hauteskundeetan EH Bildu izan da Goierrin alderdirik bozkatuena, eta baita ordezkaririk zabalena lortu duena ere. Koalizio abertzaleak zortzi alkatetza lortu ditu; lehendik zituenak mantentzeaz gain, Ordizia berreskuratu dute, eta aurrenekoz irabazi dute Idiazabalen. EH Bilduk bezala, EAJk ere igoera izan du boto kopuruan, eta Ordizia galdu badu ere, eutsi egingo dio Beasain, Lazkao, Legazpi eta Urretxuko udal gobernuei. Zumarragan, PSE-EEk irabazi du, beste behin ere.
Mila eta seirehun bototik gorako igoera izan du alderdi jeltzaleak, eta Goierriko sei herri nagusietatik lautan irabazi du. Beasainen gehiengo osoa izango dute, hiru mila botoren muga gaindituta, eta 10 zinegotzirekin. Aitor Aldasoro izango da Beasaingo alkate beste lau urtean. Legazpin 100 boto eta zinegotzi bat gehiago lortu ditu EAJk, eta 240 botoko aldea atera dio bigarren gelditu den EH Bilduri. Hala, Koldobike Olabide alkatetzari eusteko moduan izango da. Urretxun ere EAJrena izan da zerrendarik bozkatuena; bostehun bototik gorako aldea atera dio EH Bilduri. 450 boto eta bi zinegotzi gehiago lortuta, Jon Luquik jarraituko du alkatetzan.
Herri nagusi askotan sendo mantendu bada ere, EAJk herri txikietan egin duen apustuak ez ditu horren emaitza onak eman. Ataunen, Legorretan, Seguran edota Zaldibian, esaterako, alkatetza lortzetik urruti ibili da, eta lau kasu horietan, EH Bilduk eutsi egin dio alkatetzari.
Aldaketak ere izan dira
Goierriko sei herri nagusietatik bostetan, mantendu egin dira beraz udal gobernuko alderdiak. Beasainen, Lazkaon, Legazpin eta Urretxun EAJ eta Zumarragan PSE-EE izango dira agintean. Ordizian etorri da, ordea, hauteskunde gauak utzitako aldaketarik handienetako bat. EH Bilduk irabazi ditu bozak, bi mila bototik gora lortuta, eta EAJri 146 botoko aldea aterata. Zinegotzitan berdindu egin dute bi alderdiek, eta ikusteko dago bakarka gutxiengoan ala koalizioen bidetik iritsiko den alkatetzara Adur Ezenarro koalizio abertzalearen hautagaia. Idiazabal da udala kolorez aldatuko duen beste herrietako bat. EH Bilduk 183 botoko aldea atera dio orain arte udal gobernuan egon den Izal Bai taldeari, eta Iñaki Alberdi izango da hurrengo alkatea.
Zerainen egon da hauteskunde gaueko beste fokuetako bat. Zeraingo Herri Kandidatura aurkeztuta, ikusgai zegoen emaitzen balantza zein aldetara eroriko zen. EH Bilduk eutsi egin dio, ordea, alkatetzari, ZHKri 16 botoko aldea aterata.
PSE-EEk eutsi egin dio, Elkarrekin-Podemosek nekez
Alderdi sozialistak eutsi egin die duela lau urte lortutako emaitzei, eta Espainiako Gorteetako emaitzen olatua hartuta, ia berrehun boto gehiago lortu ditu eskualdean. PSE-EEk sendo eutsi dio Zumarragako gotorlekuari eta Mikel Serrano alkate izango da beste lau urtez.
Elkarrekin-Podemosek kostata eutsi dio aurreko udal hauteskundeetan ezkerreko koalizioek izandako emaitzei. Ordizian 2 zinegotzi lortu ditu eta bana Legazpin eta Zumarragan. Urretxun eta Ormaiztegin ez dute ordezkaritzarik lortu.
Herritar zerrendak, hamabitik bederatzitan
Alderdi independienteak edo herritar zerrendak aurkeztu diren herririk gehienetan atera dira garaile. Zegama Lantzen 77 botoko aldearekin gailendu zaio EH Bilduri; Ormaiztegi Batzenek 163 botoko aldearekin irabazi du; OEO Olaberriarekin eta Olaberritarrak taldeak ere, alde handiarekin irabazi du. Izal Bai eta Zeraingo Herri Kandidatura izan dira garaipenik lortu ez dutenak. Ezkion, Gabirian, Mutiloan eta Gaintzan, herriko kandidatura bakarra izan da irabazi duena. Altzagan eta Araman, aurkeztutako herriko bina taldeen artean banatu dituzte zinegotziak.