EH Bilduk jaso du bozka gehien Ordizian
EH Bilduk irabazi ditu udal hauteskundeak Ordizian. EH Bilduk 2.049 bozka jaso ditu, EAJk 1.903 bozka, Elkarrekin Podemosek 519 eta PSE-EEk 486
Ordiziarrek aldaketaren aldeko bozka eman dute udal hauteskundeetan. EH Bilduk jaso du bozka gehien (2.049), bigarren EAJ izan da 1.903 bozkarekin, hirugarren Elkarrekin Podemos izan da 519 bozkarekin, laugarren PSE-EE 486 bozkarekin eta PPk 69 bozka jaso ditu. Gauzak horrela, alkatetza lortzeko beste alderdi batzuen babesa bilatuko du EH Bilduk. Azkeneko urteetan biztanle kopuruak gora egin duenez, legealdi berrian 13 zinegotzik beharrean, 17 zinegotzik osatuko dute udala.
Momentuz udalaren banaketa ondorengoa da: EH Bilduk 7 zinegotzia, EAJk beste 7, Elkarrekin Podemosek 2 eta PSE-EEk 1. 2015. urtean EAJk 1754 (5 zinegotzia) bozka jaso zituen, EH Bilduk 1672 (5 zinegotzia), Ordizia Orainek 637 (2 zinegotzia), PSE-EEk 413 (zinegotzia 1), Irabazik 102 eta PPk 81.
Lehenengo erreakzioak
Borroka estua izango zela aurrikus ziteken hauteskundeen atarian eta hala izan da. EAJren eta EH Bilduren artean zegoen lehia eta azkenean, herritarrek hartu dute erabakia, Adur Ezenarro eta haren taldearen aldeko bozka eman dute ordiziarrek.
Bozken kontaketa eginda eta emaitza ofizialak jasota, «oso pozik» agertu da EH Bilduren alkategaia den Ezenarro. «Lana eta zintzotasuna saritu dute herritarrek», nabarmendu du. Azken lau urteotan oposizioan egindako lana «erakitzailea» izan dela gogorazi du eta aurrerantzean ere « jarrera berdinarekin jarraituko» dutela adierazi du. «Lasaitasunez, gainontzeko alderdiekin hitzegiteko gogoarekin, adostasunak lortzeko asmoarekin eta mahai gainean proposamenak jartzeko lan egingo» dutela nabarmendu du.
Orain, Elkarrekin Podemosekin hitzegingo dute, udala osatzeko babesa bilatu asmoz.