Zaldibian EH Bilduk 6 zinegotzi lortu ditu, eta EAJ debutariak 3
Zinegotzi bat galdu du EH Bilduk, baina gehiengo osoarekin jarraituko du. Zaldibian Herrigintzanek zuena baino sustengu handiagoa jaso du EAJk, hiru zinegotzirekin.
EH Bilduk irabazi ditu udal hauteskundeak Zaldibian, hirugarren aldiz jarraian. Eztitxu Mujikak hartuko du alkate kargua, estreinakoz; alkateorde izan da 2015-2019 agintaldian. Indar erlazioa zertxobait aldatuko da, ordea. Sei zinegotzi izango ditu koalizioak –bat galduta–, 518 boto eskuratuta. Duela lau urte baino 102 boto gutxiago dira.
Udalbatzaren herena hartuz sartu da EAJ, lehenengo aldiz alderdiaren siglapean. Orain arte Zaldibia Herrigintzanek zuen sustengua handitu du: bai boto kopuruan (EAJk 263 paper batu ditu, hautesle taldeak aurrekoan baino 78 gehiago), eta 3 hautetsi.
PSE-EEk, bere aldetik, bost boto jaso ditu Zaldibian.
Bien bitartean, boto zuriak eta baliogabeak ugaritu egin dira, 2015etik. Atzo, 9 zuri eta 10 baliogabe gehiago. Denera, 75era iritsi dira bien artean (47 eta 28).