Estreinaldien eta agurren urtea
Etengabeko korrikalari berrikuntzan jarraitzen du Zegama-Aizkorrik, urterik urte .Lake Oiarbide beteranoak azken aldiz parte hartuko du; Izaro Rubiok lehena du.
Betiko denik ez dago. Zegama-Aizkorri maratoia 18. ekitaldira iritsi da, eta urte zama handia da. Urtero izaten dira uzten duten partaideak, hasten direnak. Aurten ere bai. Bien bitartean, palmaresa gizentzen segitzen dute irten daitezkeenek.
«Istripuren bat izan ezean, erretiratzeko konturik ez dudala izango argi dut»
Maite Maiora (Mendaro)
2017an irabazi ondoren, iaz gorputzaldi txarrak lasterketa uztera behartu zuen Maite Maiora. Lehiatzera«%100ean» joango da aurten. «Ahal dudan guztia emango dut. Gero, zer gertatuko den edo besteak nola dauden, ez dago nire esku. Istripuren bat izan ezean, erretiratzeko konturik ez dudala izango argi dut».
Bere ahalarekin konfiantza osoa du Maiorak, eta ez du begiratu zein lehiakide etorriko zaizkion. «Badakit maila handia egongo dela, urteroko moduan, bat edo bestea etorri. Horrekin nahikoa zait».
Urteko prestaketa-programa «zehazki» Zegama-Aizkorriri begira antolatu duela aitortu du. «Distantzia luzerako entrenatu naiz, baina beti Zegamako maratoia buruan edukita». Espainiako Txapelketan parte hartu du berriki, eta Araiako mendi lasterketan ere bai lehengo asteburuan, «Aratz igotzen zelako». Gustura sentitu da, eta Zegaman ere sentsazio hori nahi du, «emaitza bera baino gehiago».
«Ondo prestatzea, hilabete bat buru-belarri Zegaman ibiltzea da niretzat»
Beñat Katarain (Zegama)
Zegamako herriak ordezkaritza oparoa izango du aurten ere, etxeko lasterketan. Beñat Katarain, bat. Seigarren aldiz parte hartuko du mendi maratoian. «Gutxi» prestatu dela aurreratu du, baina iazko denbora (4:32:30) hobetuko duela ere ia ziurtzat eman du. Hori du xedea.
Espainiako Txapelketa buruan zuela aritu da, maiatzera arte. «Orokorrean, korrika banabil, baina Zegama zehazki gutxi entrenatu dut». Lasterketa hori ondo prestatzea zer den galdetuta, garbi dauka erantzuna: «Hilabete bat buru-belarri Zegaman ibiltzea eskatzen du, nire buruari esateko etxeko lanak egin ditudala». Asti hori ez du hartu.
Euskal Selekzioarekin korrika egingo du; talde lan handiagoa eta laguntza egituratuagoa suposatzen du horrek. «Baina ni zegamarra izanda, lehen ere laguntza logistiko aldetik oso ondo hornituta nengoen».
Iaz lehorra eskatu bazuen, aurten «lokatza eta lanbroa» nahiago ditu. «Zenbat eta lokatz handiagoa, gorputza gutxiago zigortzen dut. Lehorrean hankak gehiago mintzen zaizkit».
«Asfaltoko korrikalaria naiz, baina hasi eta bukatu duin egin nahi dut»
Izaro Rubio (Ordizia)
Izaro Rubio ordiziarrak mendi lasterketetarako trantsizioa hasia du. Denbora bat badarama diziplina horretan trebatzen, eta lehenengo Zegama-Aizkorri izango du. «Urtero esaten nuen hurrengoan aterako nintzela, baina sekula ez nintzen prestatzen. Aurten, bai. Urtarrilean hasi ginen, eta helburua Zegaman jarrita aritu naiz orain arte».
Asfalto gainean marka bikainak dauzka Rubiok, bai maratoian, bai erdi maratoian nahiz motzagoetan. Mendira aldatzeak, entrenamenduak ere asko birmoldatzea eskatu dio, teknika «zailagoa» delako. Errepidean ia ez da lehiatu: «Lilatoia egin dut, urterokoa delako, eta Idiazabalgo Krosa. Gero, Sarako mendi lasterketa egin nuen. Bestela, ez dut asko konpetitu. Zegama da nire helburua».
Bere buruari lanik jarri gabe ez doa, hala ere. Lehiakorra da oso, eta «hasi eta bukatu duin» egiteaz gain, ezarrita dauka denbora-muga: «Sei ordutik jaistea gustatuko litzaidake. Horretarako entrenatu dugu, baina baldintza asko egongo dira hori bete dadin edo ez. Lokatza, adibidez, oso kaltegarria zait. Gozatu egin nahi dut; ikustera urtero joaten naiz, eta barrutik bizi nahi dut».
«Azkenekoa izango da. Nekatu egiten da, eta bukatu beharra dago»
Lake Oiarbide (Idiazabal)
Zegama-Aizkorriren historiako korrikalari beteranoenetako batek 2019koa izango du azken parte-hartzea. Lake Oiarbide idiazabaldarrak aurreratu du aurten agurtuko duela mendi maratoia. «Azkenekoa izango dela pentsatzen dut. Nekatu egiten da. Ez da karrera normala, berezia da; eta ibilbidea ere gogorra da. Izugarrizko pena emango didala badakit datorren urtean, eta tentazioa izango dut. Baina erabakita daukat azkenekoa izango dela».
Lehenengoan izan ezik, Zegama-Aizkorri maratoi guztietan irten da. 16 lasterketetatik, bakarra utzi du bukatu gabe, 2008koa, «Mikel Garmendia hil zen urtean». Santispiritun erretiratu zen, gorputzaren sentsazio txarrekin zihoalako. «Gutxiago entrenatuta nengoen, tentsioa ere bai, irteeran omenaldi bat egin zioten Mikeli… Dena batu zen, eta ezinean nindoan. Bestela, beste guztiak bukatu ditut».
60 urte ditu, eta geroz eta nekezago zaio prestatzea. «Motibazio bila ibili naiz, entrenatzeko ere kosta. Urteekin erreflexuak galtzen dira, beldurrak sortzen dira… Bukaera bat eman beharra dago». Krosak ez ditu utziko.
Hori bai, Zegama-Aizkorrira korrikara doa, «ez goiz pasa».