Hotzak ez die aurreratzen uzten barazkiei
Inoizko ziza kopururik handiena izan da salgai maiatzeko azken feria honetan, 700 kilotik gora, tartean hemen inguruan bildutakoak; adin guztietako jende asko ere elkartu da.
F eria jendetsua atzokoa ere, izan haurrak ikasleak taldeka, landareak erostera joandakoak edo ohiko bezeroak. Gainera, kolpeka bada ere, jende asko hurbildu zen atzo ere udaberriko zizen postuetara. Harridura sortzeko adinako kopurua batu genuen hiru postuetako kilo guztiak batuz, 740 kilo. Inoiz izan den gehiena, gure kontuen arabera, (14 eta 35 euro artean kiloa). Aparte, norberak bildutako kilo gutxi batzuk ere salgai ziren mahaietan, kiloa 35 euroan. Onddoek, ziza horiek, marasmio jangarriek edo senderuelek eta boilurrek osatzen zuten mikologia atala.
Urte osokoak, baina berriak
Barazkiei dagokienez, mahaietan hasi gara erremolatxa berriak ikusten. Barazki hau, joan zen astean hizpide izan genuen azenarioaren antzera, ia urte guztian izan dezakegu gure baratzetan eta ondorioz, ferian etxekoa izaten da salgai. Azkenekoak erremolatxa aleak txikiak eta gor xamarrak gelditzen dira, eta orain dela gutxira arte izan ditugu aukeran. Orain, berriz, buru ederrekoak eta bigun eta freskoak eros ditzakegu, 2 euroan hiru aleko sorta.
Arbitxoekin ere antzera gertatzen da (euro batean dago salgai sorta), noiz nahi izan ditzakegu gorriak, baita zuriak ere. Horiekin azti ibili behar da, laster handitzen eta zakartzen baitira, bere momentuan lurretik atera ezean.
Piperra, negutegikoak badarik ere, ikusteko esperantza bagenuen, izan ere maiatza bukaerarako ekarri izan dute, mota ezberdinak gainera. Baina horrelakorik oraindik ez da gertatu Ordizian, «hotzak ez die laguntzen». Aldiz, kosta aldetik hurbilago, Donibane Lohitzuneko azokan ikusi genuen salgai Lapurdiko kostaldeko baratzetako piper ezti luzea, 2 eta 2,5 euro artean dozena.
Amaitu da arkumeen garaia
Arkumeei dagokienez, bukatutzat eman daiteke denboraldia. Goiko larreetara abiatuak dira artzain batzuk, bai Urbiara, Oltzara edota Aralarrera, hango zelaietara.
Oraindik ere gazta egiten segitzen dute batzuk etxean, edo goi aldean ere segituko dute beste batzuk, eskuz edota propio prestatutako gaztandegian. Baina esan daiteke lan handieneko bolada pasatu dela eta orain, egindako gazta ondo saltzean datza gakoa.
Dakienak badaki
Janzkeraren arabera kanpokoa dela agerian uzten duen eroslea ikustea geroz eta ohikoagoa bihurtzen ari da Ordiziako ferian ere.
Aramako Arantza Zurutuzaren postuko saharar jatorriko erosleak zabaldu du elkarrizketaren bidea, eta Arantxaren hitzek zer hausnartua ematen dute: «Hemen ibiltzen diren kanpoko askok, hemengoek baino ezagutza handiagoa dute barazkiz, hemengo eguraldia ikusita badakitelako noiz izan daitekeen zer, eta noiz ez den posible».
Lurrarekiko ezagutza eta lotura herrialdea aldatzearekin galtzen ez den seinale.