Kilometro bertikala, sari handia berez-berez
Izaera bereizia eta kirol proba estimatua bihurtzeko bidean sendotzen ari da Zegama-Aizkorriko Kilometro Bertikala. Espezialista onenak lehiatuko dira, etxekoetatik hasita.
Motza, baina leherkorra. Kilometro bertikaletan ez dago hutsegiteetarako tartetik, ez txakalditik indarberritzeko astirik. Hiru-bat kilometro luzean, kilometro bateko garaiera irabazten da. Zegama-Aizkorriko 5. Kilometro Bertikalak denera 5.200 metroko luzera du, baina horietatik 3.000 bakarrik dira erlojupekoak, Arriaundin (505 metroko altueran) abiatu eta Iraule gainera (1.520m) iritsi: 1.015 metroko desnibela da, %33ko maldarekin batez beste.
Mendi maratoiaren aurreko berogarri soil izatetik, bere horretan kirol helburu aipagarri izatera igaro da kilometro bertikala. 207 korrikalari irtengo dira.
«Giroa gustatzen zait gehien; oso ona sortzen du jendeak ibilbide osoan»
Ainhoa Sanz (Urretxu, 1989)
Kroslari iaioa eta eskarmentuduna da Ainhoa Sanz urretxuarra, eta neguan modalitateko egutegia osatu ondoren, zelaiko lokaztiak aldapetakoekin aldatzen ditu.Ez nolanahi, gainera: maiatzean, Espainiako Mendi Lasterketa irabazi zuen. «Ez nuen emaitza hori espero. Lehenengo aldia zen 33 kilometroko lasterketa bat egiten nuena, eta ez nekien nola aterako zen. Gorputzak ongi erantzun zidan; justu, baina ongi».
Alde batera, krosarekin badu antzekotasuna Kilometro Bertikalak: motorra bira altuetan eraman behar dela bietan. Bigarren aldiz egingo du Sanzek, iazkoaren ondotik, Zegamakoa. «Topera joaten da. 40-50 minutu dira, eta hauspo betean egin behar da lan». Iaz, karrerako giroarekin harritu eta laketu zen: «Giroa da gehien gustatzen zaidana. Oso giro ona sortzen da ibilbide guztian, jendeak etengabe animatzen du».
Kirol helbururik ez duela zehaztu dio Sanzek: «Ondo pasatu nahi dut, eta presiorik ez diot jarriko neure buruari. Iazko postua hobetzea zaila izango denez, nahiago dut gozatzera joan. Aurten, gainera, distantzia luzeagoetan ibili naiz».
Laugarren egin zuen iaz Ainhoa Sanzek Zegama-Aizkorriko Kilometro Bertikalean. Hirugarren sailkatuarekin batera sartu zen helmugan, eta segundo-ehunen gutxigatik gelditu zen urretxuarra podiumetik at.
«Lehenengo aldia izango dut aurten; iaz 17 urte nituen, eta ezin irten»
Iker Zabala (Beasain, 2000)
Gaztetasunaren ilusioa bor-borka darabil Iker Zabala beasaindarrak. Adin nagusitasunera iritsi orduko eman du izena Kilometro Bertikalean, lehenengo aldiz. «Iaz, lasterketa egin zenean 17 urte nituen oraindik, eta ezin izan nuen izenik eman». Dortsalen zozketaren egunean, aretoan bertan zen, anaiak karrera-zuzendariari unibertsitateko lan baterako galderak egin behar zizkion aitzakian.
Mendia du gustuko; «gainera, Aizkorri da nire mendirik gustukoena. Lasterketa han denez, oso aukera ona iruditu zitzaidan. Gainera, munduko korrikalari onenen alboan korrika egiteko aukera ematen du, eta ezin da aukera galdu».
Jendetza, paisaia eta giroa balioetsi ditu Kilometro Bertikalean. Neguan belauneko lesio bat zaintzen egon ondoren, bizikleta eta eskalada erantsita, sasoi puntua hartu du Zabalak, aldapan serieak eta 20 kilometro arteko korrikaldiak eginez. Aurten «lasterketa eder bat» eginez gozatu, eta denbora hobekuntzak hurrengo aldietarako utzi ditu.
«Basotik irten eta goiko kanal esturainoko aldapa oso ederra da»
Ainhoa Lendinez (Elgoibar, 1981)
Laugarren Kilometro Bertikala izango du Ainhoa Lendinezek. Lehen bien oroitzapen goxoa du, «oso-oso gustura amaitu nuen eta». Baina ez hala iazkoarena. Anemiak ahulduta eta eguraldi gordinagatik ibilbidea laburtuta, «zapore gazi-gozoa» utzi zion. Hori gozatzea du orain helburu.
Negua «oso lasai» eta lehiatu gabe igaro du. Mendiko eskiko bertikal bat egin du. Iazko nekeak uxatu nahi zituen, baina anemia berragertu zaio, apirilean —aspaldiko gaitza du—. «Planak aldatu behar izan ditut, atseden hartu eta tratamendua indartu».
Bertikaletan aurkitu du basamortuko oasia, lehia erabat ez uzteko. «Nire gorputzak ondo asimilatzen ditu, eta uste baino askoz hobeto joan da». Aloñako bertikala irabazi du, bere denbora-marka hobetuta. «Horrek indarra eta motibazioa eman dit». Arredondokoa ere egin du.
Zegamako bertikala oso lasterketa polita iruditzen zaio. «Basoko zatiek ez didate asko laguntzen, baina handik atera eta goiko kanal esturainoko aldapa izugarri ederra da; eta goiko ikuspegia, paregabea». Gozamena buruan, duela bi urteko lana hartuko du erreferentzia. «Festa handiko bateko partaide» izateak eta lasterketa guztietan ematen dioten «maitasunagatik» soilik merezi du.
«Helmuga moduan jarria dut Zegama; dena ematera eta apurtzera joango naiz»
Joseba Diaz (Azkoitia, 1995)
Iaz Euskal Herriko Kilometro Bertikalen txapeldun izan zen Joseba Diaz, Iban Muruak (Zegamakoan ere irabazle izana) arlo burokratikoan lizentziarekin izandako arazo batzuk tarteko. Maila bikainean jarraitu du aurten. Bi karrera luze (Aian eta Costa Quebradan, «bat oso gaizki, bestean irabazteko lehian nindoala galdu»), eta hiru bertikal egin ditu: Alto Silen eta Arredondon irabazi, eta Aloñako Butreaitzen hirugarren.
Zegaman lehenengo aldiz parte hartuko du: «Urtero joaten naiz animatzera, baina korrikalari bezala lehenengoa izango dut». «Dena» emango du. «Postua, dauden korrikalarien mailaren araberakoa izango da».