Erantzukidetasunaren alde zaintza lanetan
Emakumearen Osasunaren Aldeko Nazioarteko Egunagatik argazki erakusketa eta lantegiak antolatu dituzte Ordizian. Euskadin bizi eta zaintzan lan egiten duten emakumeren argazkiak daude ikusgai.
Errelebo garrantzitsua ematen ari da hainbat lanbidetan azkeneko urteotan. Aldaketa nabarmenetakoa batez ere zaintza lanetan gertatu da. Kalean begirada zabaltzea baino ez da egin behar. Batetik, emakumeak dira ehuneko handi batean lan hori egiten dutenak. Hori betidanik izan da horrela. Zaintza eta etxekolanak, ordainpekoak izan edo ez, zuzen-zuzenean emakumeari lotuak egon dira historian zehar. Bestalde, migrazio mungimenduak gure herriak asko aldatu ditu eta gaur-gaurkoz, emakumezkoak izateaz gain, migratzaileak dira batez ere zaintza lan horien ardura dutenak. Kasu askotan baldintza oso kaxkarrekin gainera.
Maiatzaren 28a Emakumeen Osasunaren Aldeko Nazioarteko Ekintza Eguna izan zen. Horren harira, Natia Henriquez-en argazki bilduma jarri dute Barrena kultur etxean ikusgai, 13+1 migrazio eta zaintzen bideak izenburupean. Henriquez argazkilaria izateaz gain, ekonomilaria eta feminista ere bada.
Erakusketa hori Amerika Latinotik datozen eta gaur-gaurkoz Euskadin bizi diren 14 emakumeren ametsei buruzko «ikusizko narratiba» bat da. Argazki antropologiari buruzko proiektu bat da, Getxon (Bizkaia) kokatutako eta zainketa arloan diharduten emakume migratuen istorioetan oinarritzen dena.
Toki eta kultura desberdinetatik datozen emakumeak ikus daitezke, ama hizkuntza, adin, ibilbide eta esperientzia desberdinetakoak, «beren kultur ekarpenekin gizartea aberasten dutenak».
Henriquezek «emakume horiek euskal gizarte garaikidean duten zeregina ikusgai egin, zabaldu eta sentikortu» nahi du. Erakusketa ekainaren 15era arte egongo da ikusgai.
Bi lantegi
Erakusketaz gain, bi lantegi antolatu dituzte, gaia jorratzeko asmoarekin. Bihar larunbata, izango da lehena, Ordiziako Zuhaizti zentroan, 16:00etan hasita. Zaintzak, migrazioak eta partekatutako erantzukizunei buruzkoa izango da, eta Henriquezek eta Emilia Larrondo de Martinok gidatuko dute. Larrondok emakume migratzaileen lan eskubideen alorreko erantzun politikoari buruz egindako ikerketaren ondorioak aurkeztuko ditu
Bigarren lantegia ekainaren 7an, ostirala, egingo dute eta etxez-etxeko lanak egiten aritutako emakume batek bere testigantza kontatuko du. Tituluen homologazioak egiteko eta lan kontratuen inguruko informazioa emango dute, besteak beste. Hitzordua, 17:00etan izango da Barrena kultur etxean.