«Helmugara asebeteta iristea gustatzen zait, hori da emaitzarik onena»
Oihana Azkorbebeitiak (Abadiño, 1981) ondo ezagutzen du Zegama-Aizkorri maratoia. Etxeko lasterketa gisa du eta lehen aldiz duela 12 urte egin zuenetik ez du ia inoiz hutsik egin.
Urduritasunik izaten al da irten aurretik edo lasaitasunez hartzen duzu lasterketa?
Ez naiz oso urduri jartzen den horietako. Gainera, Zegama-Aizkorri lasterketa etxekoa bezala da oso ondo ezagutzen dugulako. Ez dut beste lasterketa batzuetan dagoen ondo egin behar hori. Nik beste modu batean bizi dut, jai baten moduan nolabait esateko. Urduritasuna ilusio modura izaten dut.
Korrikalarion artean aurrez hitz egiten al duzue Zegamaz?
Bai data gerturatu hala izaten da batzuen ahotan, ea motorrak berotzen ari garen Zegamarako edo. Ez da urtean zehar izaten dugun arduretako bat, baina bai ordea gerturatu ahala presentzia gehiago hartzen duen zerbait. Gehienbat data gainean ikusten dugunean jendea gogotsu sumatzen da aurrez.
Frantzian eta Japonian lehiatzetik zatoz.
Frantzian laugarren amaitu nuen maiatzaren 19an. Nire gusturako eguraldi ederra genuen korrika egiteko, fresko. Eta aurrez Japonian Munduko Txapelketak izan genituen. Bertan Kilometro Bertikalean lehenengo eta maratoian zortzigarren. Azken urteetan nengoen antzeko mailan nator Zegamara.
Ez da lehen aldia Zegaman, ezta gutxiago ere… Zenbaketa buruan al daramazu?
Zehazki ez, baina lehen aldiz 2007 edo 2008 urtean irtengo nintzen. Gerora ia urtero egin dudan lasterketa bat da. Bi geldialdi egin nituen haurdunaldiengatik, beraz kalkuluak eginda hamaikagarrena edo hamabigarrena izango da aurtengoa. Aspalditik ezagutzen dut Zegama.
«Jai baten moduan bizi dut nik Zegama.
Urduritasuna ilusio modura izaten dut»«Aurrekoengan pentsatzen estresatu
egiten naiz, beraz nire lana egiten dut soilik»
Zaleen berotasunak ez eragitea zaila al da?
Gora behera askokoa da zentzu horretan, puntu bero batzuk daude non jende asko pilatzen den eta momentu horretako berotasuna kontrolatzen jakin behar duzu gero behea ez jotzeko. Une horiek gestionatzen jakin behar da bestela erre egiten zara. Aizkorri igotzen berotzen bazara, oraindik mundu bat duzu aurretik. Zentzu horretan, norbere sentsazioak kontrolatzeak izugarrizko garrantzia du Zegaman. Lasterketa luzea da, beraz lasai hartu behar da.
Zegamak baduela zerbait esan ohi da. Korrikalariok zer ikusten diozue berezi?
Nik giroa azpimarratuko nuke. Batzen den jende kopurua izugarria da. Lasterketa bera oso polita da, Zegamatik hasi eta Aizkorriren beste alderaino. Egia da munduan zehar badirela paisaia ikusgarriagoak zentzu horretan. Jende asko batzen delako da berezia, giro ederra sortzen da eta Euskal Herri guztiak parte hartzen duen lasterketa bat da gainera.
Lasterketa gogorra da eta iaz eguraldiak lagundu ez bazuen ere, aurtenoan bero gehiegi?
Egunero ari naiz Euskalmeten begira. Nik astean zehar tenperaturak jaisteko desioa izan dut begiratzen nuen bakoitzean, eta goian haizea ibiltzea espero dut. Tenperatura altuekin eta hezetasunarekin, deshidratatzeko eta muskulu-kalanbreak izateko aukera handiagoa dago.
Ze helburu duzu aurtengoan?
Nire helburua beti amaitzea da. Norbere markei begira ere aritzen gara, baina ni kronometrorik gabe joaten naiz. Sentsazioen arabera joaten naiz lasterketan, gozatzeko asmoarekin irten eta oreka bat mantentzen. Helmugara asebeteta iristea gustatzen zait, hori da emaitzarik onena.
Emaitza oso onak lortu izan dituzu zuk. Horren bila joan egiten da edo iritsi egiten da?
Egiten ari zaren lasterketaren arabera mantsotzen edo bizitzen da erritmoa. Nik normalean nire erritmoa hartzen dut eta ez diet ingurukoei begiratzen, ez aurretik edo atzetik nor datorren.Azken kilometroetan izan liteke aurrekoren bat begiz jo eta erritmoa apur bat bizitzea, Andraitz igo ondoren badakidalako hamar kilometro horiek egingo ditudala. Baina ordura arte ez. Ni asko estresatzen naiz norbait harrapatu behar dudan horretan pentsatzen, beraz ni nire lana burutzera joaten naiz.
Noiz ikusi ohi duzu lasterketa amaituko duzula?
Andraitzera iristean badakit azken 10 kilometroak direla eta ordubete inguru gelditzen dela. Goitik behera da gehiena eta korrika egiteko zoru egokia dago. Hor erritmoa mantendu eta bukatzera joaten naiz.