Lasterketa eguneko kaletarrak
Lasterketa mendiko irudi ederrengatik da ezaguna, baina kalean ere gauza asko gertatzen dira. Herrian lan egiten dutenek probaz gozatzeko aukera gutxi dute, ordea. Horra hor omenaldi txikia.
Zegama-Aizkorri lasterketa mendiko ikuskizunari eta mendiko irudiei esker da ezaguna, baina kalean ere gauza asko gertatzen dira. Irteera, helmuga, dortsal banaketa, aparkalekuak, anoa postua, sari banaketa, lasterketa ondorengo festa… Kalean lan egiten duten boluntario askok ez dute lasterketaz gozatzeko aukerarik izaten, ordea. Beraiei omenaldi txiki bat egiteko, kalean lan egiten duten lau boluntario elkartu ditu Hitza-k: Jon Ormazabal, Mila Alustiza, Juan Mari Ormazabal eta Euken Olaziregi.
Jon Ormazabal kalean lan egiten duten taldeen arduradunetako da. Zegamar honek 51 ditu eta galdaragintzan egiten du lan. Maratoia lehenengoz antolatu zenean zinegotzia zen, eta urtero lan egin du antolaketan.
Alustizak 68 urte ditu eta irakaslea izan zen. Bigarren urtetik lan egiten du Zegama-Aizkorrin. Azkeneko anoa postuan lan egiten du, gimnasio azpikoan. «Lehertuta heltzen dira eta bertan dutxak eta masajea dituzte. 11:00etan lehenengo erretiratuak heltzen dira eta ondoren gainontzeko guztiak. Bertan, korrikalaria lasaitu egiten da. Beraiek goiza nola joan den kontatzen digute eta guk psikologo lana egiten dugu. Jendea tratuarekin gustura joaten da».
Juan Marik 70 urte ditu, eta fabrika batean lan egin zuen. Hamaika urte daramatza antolaketan. «Bidegurutzetan lan egin dut beti. Egun, kilometro bertikalean aritzen naiz, Olaberriko bidegurutzean. Kilometro bertikala ostiralean denez, erretiratuei laguntza eskatu ziguten», azaldu du.
Olaziregik 20 urte ditu eta Zegamako Doilan enpresan lan egiten du. 16 urterekin hasi zen boluntario lanean. «Ostiralean, larunbatean eta igandean lan egiten du. Esan beharra dago», aipatu du Jonek. Muntatzen, autoak aparkatzen, muntatutakoa jasotzen… aritzen da.
Lasterketaz gozatzerik ez
Ez dute lasterketaz asko gozatzerik, baina «gogoz» lan egiten dutela diote. «Nire kasuan, semeak (Xabier Azurmendi) eta suhiak (Urko Egimendia) parte hartzeko ohitura dute eta tartetxo bat ikusten dut ikustera joateko. Ondoren, herrira jaisten naiz». Juan Mariren semeak ere parte hartzen du eta, ostiralean lan egin ondoren, igandean Aratzera joaten da semea ikustera.
Eukenek eta Jonek ez dute lasterketaz hainbeste gozatzen, baina boluntario lana oso esker onekoa dela diote. «Arduradunetako bat izanda, urtero-urtero horrenbeste boluntario ikustea oso pozgarria da. Kalean bakarrik, ehundik gora aritzen gara. Zegama bezalako herri batean horrenbeste boluntario egoteak, poza ematen du. Adin guztietako jendea herriaren alde lanean ikustea oso polita da», dio Jonek.
Lan horri esker, lasterketak sekulako ospea lortu du mundu osoan. «Mundu osoko jendea etortzen da. Zer egin dugu guk halako arrakasta edukitzeko! pentsatzen dut urtero. Kanpora joan eta mendiko lasterketen munduko norbaitek Zegamakoa zarela jakiten badu, mirespenez begiratzen zaitu. Urtean zehar jende asko etortzen da Zegamara, azken asteetan jende asko ikusten da entrenatzen… Horrek guztiak zegamar guztiok asko pozten gaitu», esan du Ormazabalek. Alustizak adin ezberdinetako jendeak elkarrekin lan egiteari garrantzi handia ematen dio.
Ikusten denez, ez dago mendian egon beharrik Zegama-Aizkorri lasterketaz gozatzeko. «Niri kaleko txoko guztietara joatea tokatzen zait. Urte hauetan guztietan, kalean bakarrik ikusi dut lasterketa: irteera eta helmuga, ahal dudan neurrian. Dutxetan daudenak ere joaten dira ikustera, txandaka. Aparkalekuetan daudenak izango dira gutxien ikusten dutenak. Batzuk gehiago ikusten dute, beste batzuk gutxiago, baina bakoitzak berean disfrutatu egiten du. Boluntarioen artean oso lan giro ona egoten da. Gainera, lehenengoa ikustea polita da, baina azkenekoari egiten zaion ongi etorria oilo ipurdia jartzeko modukoa da», dio Jonek.
Olaziregi berarekin bat dator. «Duela bi urte Goierri Eskolan ikasten ari nintzen eta itsu batek hitzaldi bat eman zuen. Zegama-Aizkorrin parte hartu behar zuela esan zuen. Helmugara denboraz kanpo heldu zen, baina oso hunkigarria izan zen».
Igande gaueko festa
Gainera, maratoiaren zatirik handiena mendian egiten da, baina aurrekoak eta ondorengoak herrigunean izaten dira. Maratoiaren aurrekoak prestaketa lanak izaten dira. Ondorengoak, berriz, azken lanak… eta festa! Igande gauean sekulako giroa egoten da Zegamako kaleetan. «Herritarrok eta korrikalariek, elkarrekin, sekulako festa egiten dugu elkarrekin igande gauean. Horren zain egoten gara. Oso giro polita egoten da. Izan ere, jende askok jai hartzen du astelehenean», aipatu du Milak. «Aurten nik ere jai izango dut astelehenean, Beasaingo jaiak baitira. Jende askok izango du jai astelehenean», esan du Jonek.
Sancti Spirituko irudiek mundu osoari buelta ematen diote, baina igande gauean Zegamako kaleetan gertatzen dena, Zegaman gelditzen da.