Irene Paredesek futbol kanpusa egingo du uztailean Bikuñan
Litekeena da PSGko jokalari legazpiarra ezin bertan egotea ostiralean Mundu Kopa hasiko delako Frantzian eta uztailaren 7ra arte iraungo duelako; Espainiako selekzioaren elastikoa jantziko du
Irene Paredes Paris Saint Germain futbol talde frantseseko jokalari legazpiarrak futbol kanpusa egingo du Legazpiko Bikuña zelaian. Bere lehenengo kanpusa da eta uztailaren 1etik 5era izango da 2007tik 2010era, biak barne, jaiotako haurrei zuzendutakoa da.
Goizez egingo dute, 09:00etatik 13:00etara. Kirol marka bateko ekipazio osoa banatuko diete umeei, mokadutxoa eta edaria egunero eta sorpresak ere iragarri dituzte. Guztira, izen-ematearen prezioa 130 eurokoa da. Paredesek kanpusaren harira ireki duen webgunean ohartarazi du litekeena dela ezin kanpusean parte hartzea, futbol mundiala ekainaren 7an hasi eta uztailaren 7an amaitzen delako.
Frantzian jokatuko da nesken futbol selekzioen mundiala eta Paredesek Espainiako selekzioarekin jokatuko du. Paredesentzat bigarren Mundu Kopa izango da; orain lau urtekoan ere lehiatu zen. Hego Afrikarekin, Alemaniarekin eta Txinarekin neurtuko dira lehen fasean.