Zaldibiako I. Mendi Lasterketa larunbatean jokatuko da
Zaldibian antolatu duten lehendabiziko mendi lasterketa da Goierriko Kopako luzeena eta gogorrena. Aralarren barneratuko dira, eta Ganbo gaina (1.417m) da sabaia ibilbide luzean (28 km, 2.100 metro positiboko desnibela). Ibilbide motza ere jarri dute, 15 kilometrokoa eta 1.000 metroko desnibel metatukoa.
Zaldibiako Mendi Lasterketak Goierriko Trail Kopan orain arte ukitu gabeko eremu batera zabalduko du karreren jokalekua: Aralarrera. Larunbatean (ekainak 8) jokatuko da, bi ibilbiderekin. Ezaugarri nagusiak luzera eta desnibel metatu handia izango ditu.
Goierriko Trail Kopako 5. proba da Zaldibiakoa (Idiazabalgo Axari geratuko da, irailerako). Denetan ibilbide luzeenekoa da, gainera. 28 kilometrokoa da karrera handiena, eta 2.100 metroko desnibel metatua du. Gaztelu, Alotza eta Ganbo igoko dituzte korrikalariek. Ganbo da, Aralarren bihotzean, profileko leku garaiena, 1.417 metrorekin. 7 anoa-gune jarriko dituzte ibilbidean zehar, eta helmugakoa zortzigarrena.
Ibilbide motzean, Gaztelu mendira (998m) joan-etorria egin beharko da. 15 kilometro dira, eta 1.000 metroko desnibela. Lau anoa-gune egongo dira bidean.
Zaldibiako Mendi Lasterketaren neurriak kontuan hartuta, 100 boluntario ariko dira lanean egunean bertan. Antolatzaile taldea 20 lagunek osatu dute, Unai eta Ibai Belokiren ideiatik abiatuta. Ostiraletik gaua pasatzera Zaldibiara joan nahi dutenentzat, aparkaleku berezia prestatuko dute. Karrera-egunean, kontsigna zerbitzua plazan, dutxak Resti pilotalekuan eta bukatutakoan paella jatea doan izango dute korrikalariek.
Izena emateko epea ostegunean (ekainak 6) itxiko da, Rockthesport atarian. 220 lagun daude izena emanda oraingoz, antolakuntzak balekotzat jo zuen 200en gainetik jada.
Sariak:
Ibilbide luzea (gizon eta emakume, sailkapen bana):
1. 300 euro, oroigarria eta txapela
2. 150 euro eta oroigarria
3. 75 euro eta oroigarria
Herriko 1.ak: oroigarria eta produktu sortaIbilbide motza:
1. 200 euro, oroigarria eta txapela
2. 100 euro eta oroigarria
3. 50 euro eta oroigarria
Herriko 1.ak: oroigarria eta produktu sorta
Parte-hartzaileen artean zozketak egingo dituzte (otorduak, kirol ekipazioak, janari eta edari sortak, deskontu bonuak…). Korrikalariaren poltsak ere hainbat sari banatuko dituzte, probaren elastiko berezitua, botila sagardo bat, arrautza edo patata dozena, eta bestelako produktuak.
Sari berezia ere egongo da, Euskaber etxearen eskutik. Lasterketa luzeko partaideek soilik parte hartu ahalko dute, hala nahi dutenek. Irteeran arrautza bana emango diete, eta eskuan Gazteluko gailurrera osorik aurrena eramaten duenari, urte guztirako arrautzak oparituko dizkiote. Gizonezko eta emakumezkoentzat sari bana dago.