BTT martxa egingo dute Legorretako inguruak ezagutzera emateko
Ekainaren 15ean izango da eta Xendapedalak izena jarri diote; lehia baztertu eta mendi bizikleta martxa formatuaren alde egin dute. Xendabelarrak proiektuko bideekin bat egingo dute martxa berri honetan.

Kirolak eta ohitura zaharrek bat egingo dute ekainaren 15ean Legorretan, Xendapedalak deitu duten BTT martxaren barruan, sendabelarrak aurkitu daitezkeen ibilbideetatik egingo baita zirkuitoa. Ekintza berria da, lehenengo urtea izango dute aurten eta Pikuk Kirol Elkarteak antolatu du.
Mendi ibilaldiak eta sendabelarrak batzen dituen proiektua da Xendabelarrak. Xenda eta senda hitzekin egindako hitz-jokoa erabili dute proiektuari izena emateko; herriko hiru ibilbide zabaldu eta markatu dituzte, aisialdia eta osasuna sustatzeko asmoz. Orain, Xendapedalak BTT martxa antolatu dute. Ireki zituzten hiru bideak, Xendapedalak martxako zirkuitu bilakatuko dituzte.
Broma eta broma artean
Orain dela 25 urte inguru egin zuen Jexux Mari Gonzalez ‘Ketxus’ legorretarrak mendiko bizikletarekin lehen trabesia, Andoainen. Garai hartan jende gutxi ibiltzen zen mendiko bizikletarekin. Duela urte batzuetatik ona, Legorretan bertan gero eta jende gehiago ikusten zuen mendiko bizikletarekin. Hasieran erdi brometan botatzen zien bizikleta martxa bat antolatu behar zutela herrian. Broma eta broma artean, azkenean, egi bihurtu da eta datorren larunbatean egingo dute.
Konpetiziorik ez
Legorretan egingo duten BTT martxak berezitasun ugari ditu. Zirkutua da horietako bat, baina bada beste zerbait ere. Ez da irabazlerik egongo. Konpetiziorik ez egonda ere, aldez aurretik izena ematea komeni da kirolprobak.com webgunean. 16 urtetik gorakoek parte hartu ahalko dute. Adin txikikoek, tutorearen baimena aurkeztu beharko dute.
Ibilbideak bi izango dira aukeran. Luzeeenak 30 kilometro eta 1.350 metroko gora behera du. Motzak, 20 kilometro eta 900 metroko gora behera. Bigarrena egiteko izena ematen dutenek aukera izango dute azken momentuan etapa luzea egiteko; 20. kilometrotik 11:30a baino lehen pasatzen badira, bide luzea jarraitu ahalko dute.
Irteera eta helmuga Legorretako herriko plazan egongo da kokatuta eta handik 09:00etan abiatuko dira.
Sagardo festa
Ekainaren 15ean, gainera, Sagardo festa ere egingo dute Legorretan. Hori arratsaldean egingo dute, herriko plazan. Horrenbestez, Legorretara etortzen denak eginda izango du egun osorako plana.