Energia eta klima aldaketa aztertu dituzte Itsasondoko Urkipeko ikasleek Agenda 21en
Ikasleek hainbat konpromiso hartu dituzte eta udalari ere egin dizkiote eskaerak.

Energia eta klima aldaketa gaiak ardatz hartuta, lanketa polita egin dute Itsasondoko Urkipe eskolako haurrek, Agenda 21 programaren barruan. Ikasturtean landutakoa aurkeztu dute udaletxean eta bertan izan da Asier Garro, Itsasondoko jarduneko alkatea, herriko gaztetxoek esateko zutena entzuteko.
Haur Hezkuntzakoek, planeta gure jarrerekin noiz dagoen osasuntsu eta noiz kutsatuta ikusi dute eta ohitura egokiak barneratzen aritu dira.
Bigarren ziklokoek, etxean erabiltzen dituzten bonbilak eta etxetresnak aztertu dituzte. Bestalde, Eskolan kontsumitzen duten elektrizitatea zenbatekoa den jakiteko iazko eta aurtengo erreziboak eskatu dituzte Udaletxean. Gasaren kontsumoa ere aztertu dute.
Hirugarren ziklokoek klima aldaketari buruz aiton-amonek duten sentsazioa jakiteko inkesta bat egin diete. CO2 gutxiago isurtzeko, jarraitu beharreko ohiturekin zerrenda bat egin dute.
Konpromisoak eta eskariak
Ikasturtean zehar egindako lanak, eguneroko hainbat jarrera aldatzeko balio izan die gaztetxoei eta horren harira, hainbat konpromiso hartu dituzte.
Udalari hainbat proposamen ere egin dizkiote: Energia berriztagarriak bultzatzen saiatzea; errepidea gurutzatzerakoan txirrindulariak geratu daitezen neurriak hartzea; eta pilotalekuan, kanastak edo porteria jartzea.
Jarduneko alkateak, eskolako haurrek egindako proposamenei gustura erantzun die. Energia berriztagarriei dagokienez «eraikin publikoetan zaila bada ere partikularrentzat laguntzak» daudela gogoratu du Garrok. Txirrindulariak ez geratzearena, «udala aspalditik nola konpondu aztertzen» ari dela esan du eta azkenik, laster pilotalekuan porteria bat jarriko dutela ere argitu du.