Goiak eta lurrak astinduz
Aingeru Castro-Alaitz Urkiola bikoteak irabazi du I. Goilurrak Rallya. Eskatu ahala irten da zortzi erlojupekoko auto lasterketa. Zati bat neutralizatu dute, Garinen. 29 taldek bukatu dute osoa

Iaz lortutako Euskal Herriko rallyetako txapela berritzeko bidean dira Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola. Denboraldiko 3. rallya, Goierriren eta Urola Erdiaren artean jokatu den aurreneko Goilurrak, irabazi zuten zapatuan, BMW M3 autoarekin. Bigarren Joseba Iraola-Sheila Lafuente (Porsche GT3) eta hirugarren Jokin Agirre-Arantzazu Araneta (BMW M3) dira. 53 talde irten dira, eta 29k bukatu dute.
Gabiria Racing taldekoek egindako bideoa
Eguraldi paregabearekin jokatu da Goilurrak rallya. Partaideentzat berotxo egin arren, errepidea lehor eta ikusleentzat egoteko nahiz mugitzeko eroso. Kirol arloan ez da deitoratu beharreko gertakari larririk izan.
Mota guztietako ibilbideak batu ditu Goilurrak probak: Mandubiako azkarra, Azkarateko igoera bihurria eta zikina, eta Garingo eta Mutiloako anitzak. Bosgarren erlojupekoa neutralizatu egin zuten 9. kotxea sartutakoan. Alustiza-Urbietak bazterra jo zuten Arriarango urtegi parean; ezer larririk ez bazen ere, GPS bidez erreskate beharraren seinalea heldu zenez, han gelditu zuten zatia, ez berandutzeko.
Castro-Urkiolak errezitaldia eman dute. Zortzi erlojupekoetatik lehenengo bostetan azkarrenak izan ziren, eta bukaeran ia minutu bateko aldea atera zieten bigarrenei. Roland Holke-Ignacio Fondado, Agirre-Araneta eta Aiertza-Etxeberria saiatu ziren goizeko lau zatietan erasotzen. Arratsaldean, eskura zeukaten garaipena ziurtatzera jo zuten Castro-Urkiolak. Agirre-Aranetak egin zuten scratcha 6. erlojupekoan (Mutiloa), eta Iraola-Lafuentek azken bietan. Bigarren postura igo ziren Porschearekin, hala. Txus Jaio lehiatzera joan zen, baina 1. zatian minutua galdu zuen kolpe batean, eta aukera oro lurrundu zitzaion.