Nesken artean zientzia eta teknologia bokazioak errotu nahian
Inspira Steam deitu diote proiektuari eta Gipuzkoako bost herritan egin dute, tartean Legazpin. Deustuko Unibertsitateak sustatu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektu hau

Legazpiko 14-15 urte bitarteko gazte talde batek Inspira Steam proiektuan parte hartu du. Udaleko nerabeentzako zerbitzuak iragarri duenez, 14 neskez eta mutil bakarrez osatutako taldea martxoan eta apirilean elkartu da Gazte Txokoan.
Gazteek emakume zientifiko hurbilekoekin lan egin zuten, Maider Pagola legazpiarrak proiektuan parte hartu du, esaterako. Hala, emakumezko erreferenteak izan zituzten bertatik bertara. Proiektuaren helburua, Mari Luz Guenaga arduradunaren hitzetan, hau da: «Nesken zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sustatzea eta bokazioak piztea edo, gutxienez, aukeraketa libre bat egin dezatela».
Mentoreek edo tailerraren gidariek genero estereotipoen gainean jardun ziren gazte legazpiarrekin eta solasaldian norbere esperientzien gaineko hausnarketa egin zuten.
Parte hartu zuten teknikariek eta hezitzaileek oso ongi baloratu dute egindakoa eta berdintasunaren alde «beharrezkotzat» jo dute. Orain, egindakoaren berri zabaldu dute eta bideo bat ere zabaldu dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean.