Zaldibiako mendi karrerak luzera eta goitasuna izango ditu ikur
Larunbatean jokatuko da estreinako lasterketa. Ibilbide luzeak 28 kilometro eta motzak 15 dituzte. Aralarren barneratuko dira, Gaztelu, Alotza eta Ganbo igotzeko
Mendiko maratoi erdia baino gehiago da Zaldibian larunbatean lehen aldiz jokatuko den lasterketa. Ibilbide luzeak ia 28 kilometro eta 2.100 metroko desnibel metatua du. Goierriko Trail Kopako 5. proba baliagarria da, eta zirkuituko karrera luzeena eta gogorrena bihurtuko da. Motza ere badago: 15 km eta 1.000ko desnibela. Biak 09:00etan hasiko dira, Zaldibiako plazan.
Hogei-bat laguneko taldeak antolatu du Zaldibiako Mendi Lasterketa, Unai eta Ibai Beloki anaien ideiatik abiatuta. 100 bat boluntario ariko dira lanean. «Zaldibia Aralarren oinean egonik, eta Gipuzkoa aldetik eguneko lasterketarik ez zegoela ikusita, mendi lasterketa hau egitea pentsatu genuen», azaldu du Unai Belokik.
Aralarko parke naturalaren barruan garatuko dira bi zirkuituen gehiena. Gaztelu mendia (998m) izango da lehen erreferentzia; motzean haraino dute joan-etorria. Luzekoak goi mendian beste horrenbeste barneratuko dira: Gazteluz gain, Alotza, Ganbo (1.417 metrorekin sabaia) eta Oiduegi igaroko dituzte.
Bezperatik karrera-giroa
Korrikarako, gune tekniko arazotsuak baino gehiago, desnibela bera izango da zailtasun handiena. Eguraldia izan daiteke beste faktore bat goialdean.
Ostiralean korrikalarientzat aparkaleku berezia atonduko dute Zaldibian, inork gaua han igaro nahi balu. Kontsigna zerbitzua plazan, dutxak Resti frontoian eta paella jatea bukaeran doan izango dituzte atletek.
Bi lasterketetarako 220 lagun zeuden atzo izena emanda, antolakuntzak helburu jarritako berrehunak aise gaindituta. Oilo-arrautza osorik Gazteluraino eramaten duten lehen gizon-emakumeek (luzekoek), sari berezia jasoko dute: urte osorako arrautzak. Sari nagusiak eta zozketak ere badira, diruz eta gaiz.













