Ampo Ordizia 'Seven Series' lehian ariko da
Valladoliden jokatuko dute asteburuan eta Mikel Aizpuru izango dute gidari. Talde «gazte eta azkarra» osatu dute, eta «ondo pasatzea» dute helburu nagusia
Espainiako errugbi federazioak aurrenekoz antolatu duen estatu mailako Seven Series txapelketa asteburuan hasiko da, Valladoliden jokatuko duten lehen jardunaldiarekin. Zortzi talde elkartuko dira bertan, eta tartean izango da Ampo Ordizia.
Txapelketak bi hitzordu izango ditu. Ekainaren 8-9an Valladoliden, eta hilaren 15-16an Valentzian. Heineken ligako hiru talde ariko dira, VRAC Quesos Entrepinares, Silverstorm El Salvador eta Ampo Ordizia; Ohorezko B mailako Bera Bera, ADI Industriales eta CD Arquitectura, eta baita Madrilgo eta Kataluniako federazioak ere.
A taldean VRAC, Madril, Bera Bera eta Arquitectura ariko dira, eta B taldean El Salvador, Ordizia, Katalunia eta Industriales.
Helburua, ondo pasatzea
Ordiziak gonbitea jaso eta baiezkoa esan zuen, nahiz eta jakin taldea osatzea ez dela erraza izango, liga amaitu berria delako eta atsedena ere behar dutelako jokalariek. Mikel Aizpurua izango dute buru eta hamar bat jokalari «gazte eta azkar» ari dira lanean erronka prestatzeko. «Ilusioa» dute eta «gozatzea eta ondo pasatzea» da helburua.
Olinpiar errugbia bultzatu nahi du Espainiako federazioak Seven Series lehiarekin.