Artzeren espiritua errezitatzen
Mixel Ducau eta Caroline Phillips musikari baionarrek eta Andoni Salamero olerkari zumarragarrak Joxean Artzeren «esentzia» emankizun bihurtu dute. Sorkuntza berritu dute.
Joxean Artze Agirre (Usurbil, 1939-2018) hil zela urte eta erdi bada, baina poetaren gomutak bizi-bizirik dirau. Otsailean Ataungo Erroiondozar baserrian omendu zuten (hangoa zen jaiotzez Benita Agirre ama zena), eta han parte hartu zuen Andoni Salamero zumarragarra da, orain, Artzeren espirituari agertokietan eusten diona. Artze, Joxan… Gogoan! emanaldia sortu dute poeta zumarragarrak eta Mixel Ducau eta Caroline Philips bikote musikari baionarrek.
Artzeren literatura-alderdi desberdinak eta pertsonaren erpin ugariak ezagutaraztea da esku artean hartu duten zeregina. Arantzazuko (Oñati) Goiko Bentan estreinatu zuten emankizuna, urriaren 19an. Harrezkero, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtarrilean foru jauregian Artzeri egin zion omenaldian, eta maiatzaren 29an Gasteizen eskaini dituzte beste saio bana.
Unibertsaltasuna dario Artzeri, Salameroren irudiko: «Esentzia da Artze. Norberak berera ekartzen du, gero beretik eskaintzeko. Sortzailea zen, nortasuna zeukana, oso garai zailean poesiatik bizi izan zena. Onartua eta ezaguna zen. Espiritualtasuna beti dago Artzeren poesian. Berak sinisten zuen egiten zuen horretan, eta eskaintza modura utzi zituen testuak».
Hala, interpretazio bat egiten dute Artze, Joxan… Gogoan! saioan, haren olerkiak (Salamerok errezitatuak) eta Ducau-Philipsen musika eta ahotsa uztartuta. Hiru zati ditu, Artzeren aldiak edo arlo nagusiak beste: euskara eta euskal kultura; natura, eta traszendentzia.
«Artze betirako da»
Mixel Ducauk —lehengo astean Beasainen zen Salamerorekin, Abarlotz Olano musikari zaldibiarrari bisita egiten— ez du erronka makala Artze musikatzen. «Bere letren formak ez dira simetrikoak, ezin dira kolpe batean musikatu. Barneratu behar dira lehenik, hitzen erritmoak-eta nire baitan errezitatu. Librea da Artzeren letra, ez da erraz sartzen ahal konpasetan. Ez da zortziko txiki bat, eta asko gustatzen zait hori. Oso interesgarria da».
Artze batzuk sobera ezagunak diren arrren, azkenera garatu zuen «beste giro-atmosfera bat» ere plazaratu nahi dute artistek. «Ez genuen nahi lehen aldiko olerkiak bakarrik ezagutzea; jendeak hura ondo daki. Aldi traszendentala ere izan zuen, eta entzuleengana iristeko, giro hori sortu behar da emanaldian», dio Salamerok. Artze guztietatik igarotzen da errezitaldia, hala ere.
Sortzaileen apologia egin du Salamerok, eta Peio Hospital aipatu; harekin ere jardungo dira. Artze ezagutzeko gonbita egin dute, herri txiki eta handietan.