Lazkaoko Dantzari Txiki Egunean bost talde elkartuko dira igandean
Oin Arin Dantza Taldeak antolatuta, bost talde ariko dira goizean zehar, herriko kale eta plazetan dantzan. Bazkaria pilotalekuan egingo dute, eta arratsaldean erromeria izango da.
Uda aurreko azken Dantzari Txiki eguna Lazkaon ospatuko da, igandean, Oin-Arin taldeak antolatuta. Bost talde izango dira: bertako Oin-Arin, Irrintzi (Zumarraga), Goruntz (Gabiria), Amets-Bide (Ordizia) eta Berriztasuna (Portugalete).
Dantzariak 10:30ean elkartuko dira, plazan. Hamaiketakoa egin, eta 11:00etan kalejiran abiatuko dira, bi multzotan. Oin-Aringo dantzari sail bat, Goruntz eta Irrintzi zutabe batean joango dira, eta saiotxoak Areria aurrean, TPTko plazan eta Lazkao Txiki Zelaian egingo dituzte. Oin-Aringo beste multzo bat, Amets-Bide eta Berriztasuna Areson, Txindoki egoitzan eta Jose Lasa parkean jardungo dira.
Bazkaria pilotalekuan
Atzera 13:00etan bilduko dira denak plazan, alarderako. Zazpi dantza egingo dituzte. Bazkaria (14:00) plazako frontoian izango dute haur denek. Erromeria Ttipika taldeak girotuko du (16:00).