Urretxu eta Zumarragako 24 dendak 'Shopping night' festa egingo dute
Denda horiek 22:00ak arte egongo dira zabalik. 22:00etatik gauerdira, musika, jana eta edana egongo dira lizeoko patioan. Festa horrekin bezeroei eskerrak eman nahi dizkiete
Urretxuko eta Zumarragako BiTartean merkatari elkarteak Shopping Night festaren hirugarren edizioa antolatu du gaurko. Bi herrietako 24 dendak parte hartuko dute. Denda horiek 22:00ak arte egongo dira zabalik eta guztietan sorpresak egongo dira, 19:00etatik aurrera. Gainera, 22:00etatik gauerdira food truck delakoak egongo dira lizeoko patioan.
Shopping Night festaren hirugarren edizioa atzo aurkeztu zuten, BiTartean elkartearen lokalean. Ekitaldian Maria Pavon merkataritza teknikariak, Josu Zipitria BiTarteaneko lehendakariak eta Cristina Alfonso, Ana Belen Cuadrado eta Nekane Iturbe merkatariek parte hartu zuten.
Pavonek orain arteko bi edizioak oso arrakastatsuak izan direla esan zuen. «Lehen urtekoa esperimentu ausart bat izan zen, baina oso ondo joan zen. Iaz, berriz, hobekuntza batzuk egin genituen. Adibidez, txu-txu trena jarri genuen denda batetik bestera joateko».
Aurten ere berrikuntzak egongo dira. Nagusia, lizeoko patiokoa: chill out bat jarriko dute. Bertan, atseden hartzeko tokia, musika eta food truck delakoak egongo dira. Furgoneta horietan jana eta edana zerbitzatuko dute. 10 eurotik gorako erosketa bakoitzeko, kontsumizio bat hartzeko txartela emango dute dendetan.
Aipatu bezala, aurten 24 dendak parte hartuko dute: Natalietta, Maraï&NKN, Naif Concept Store, Arku, Aginaga eta Amane arropa dendak, Clic&Vape lurruneztagailu denda, Mentxu&-Yone eta Baby haurrentzako jantzi dendak, Bidegorri eta Intersport kirol dendak, Formatek informatika denda, Oskarbi eta Aristizabal zapata dendak, Casa Lopez iberiko denda, Quo, Elisabeth, Xarmanki eta M.N. apaindegiak, Argiki argiztapena, Julita mertzeria, Douglas lurrindegia, Josune janari denda eta Goilore lore denda.
Merkatari batzuk elkarrekin arituko dira. Baten produktuak bestearen dendara eramango dituzte, alegia. Parte hartzaileek globo eta alfonbra gorriak jarriko dituzte beraien denden kanpoaldean, herritarrek ekimenean parte hartzen ari direla jakin dezaten. Dendetan tailerrak, deskontuak eta luntxak egongo dira, besteak beste.
Lan gogorra
Pavonek merkatariek festa hori antolatzeko egindako lana azpimarratu zuen. «Batzorde bat osatu da eta oso gogor lan egin du. Taldean lan egin dute eta giroa oso ona izan da. Hori da merkataritzak behar duena: merkatariek elkar laguntzea». BiTartean elkarteak geroz eta bazkide gehiago dituela aipatu zuen: dagoeneko 97 kide dira.
Bestalde, Shopping Night festa hiriburuetan bakarrik antolatzen dela esan zuen. «Hirietan egiten da. Halako festa duen herri bakarra Urretxu-Zumarraga da».
Merkatariek gaurko festaren helburua bezeroei eskerrak ematea dela azaldu duten. «Etxetik irten daitezela. Dendak bisita ditzatela eta beraientzat prestatu ditugun sorpresez goza dezatela». Bukatzeko, udalei eskerrak eman zizkieten.