Realak irabazi du berdintasunaren aldeko futbol txapelketa
Berdintasunaren aldeko bidean beste urrats bat emateko asmoz antolatu du Goierri Gorrik berdintasunaren aldeko futbol txapelketa. 18 taldek hartu dute parte lehiaketan.
Realak irabazi du berdintasunaren aldeko futbol txapelketa. Beasainen, Lazkaon eta Ordizian jokatu dute infantil mailako lehiaketa, eta neskek soilik izan dute parte hartzeko aukera. Irantzu Aizpuruaren omenaldiarekin eta Loinatz jaiekin bat eginda, lehenengoz antolatu du txapelketa Goierri Gorrik. Berdintasuna, lehia, kirola eta festa uztartu dituzte, eta helburua, berdintasunerako bidean beste urrats bat ematea izan da.
Atzo 10:30ean jokatu zuten lehenengo partidua, eta gaur arte iraun du txapelketak. 20 minutuko iraupeneko eta atsedenaldirik gabeko partiduak jokatu zituzten sailkatze fasean. Gaurko eguna erabakiorragoa izan da: finalak jokatu dituzte. 10:00etan hasi dira finalekin, eta 30 minutuko partiduak izan dira. Realak lortu du garaipena.