Harrera beroa egin diote Iker Irribarria txapeldunari
Buruz buruzko txapela irabazi berritan, harrera beroa egin diote bart gauean Iker Irribarriari, Ordizian. Haren lagun, senide eta jarraitzaileak Tximista sagardotegian elkartu dira, beste behin.
Bigarren aldiz ekarri du txapela Iker Irribarriak, eta beste behin ere, harrera beroa egin diote lagun eta senideek, Ordiziako Tximista sagardotegian. Han ziren Gozategi musika taldekoak, giroa alaitzeko; baita Aratz Igartzabal, Iker Zubeldia, Eneko Araiztegi, Igor Eguren eta Amets Arzallus bertsolariak ere.
Irribarria gustura agertu da finaleko partidarekin, “kostata” irabazi duela esan du, Urrutikoetxea ere “kolpearekin” zegoelako, baina berak ere “lana ondo” egin duela uste du eta “horrela jokatuta eta irabazita, gustura” dagoela.