Markagailua kontra izan du Ampo Ordiziak Seven Series txapelketan Valladoliden
Mikel Aizpuru entrenatzaileak esan du «esperientzia berri» bat izan dela eta «ikasteko asko balio» izan duela. Lide Erbina HSBC World Rugby Women's Sevens Series Rookie saria jasotzeko izendatuen artean dago.
Ampo Ordiziak Espainiako errugbi federazioak antolatutako estatu mailako lehenengo Seven Series txapelketan parte hartu du asteburuan Valladoliden. Larunbatean hiru partida eta igandean beste bi jokatu zituzten. Mikel Aizpuru entrenatzaileak esan du «esperientzia berri» bat izan dela eta «ikasteko asko balio» izan duela.
Ohorezko mailako jokalariek denboraldi amaiera dela eta nekea ere somatzen dute eta Seven Series-en jokatzeko taldea osatzea kosta egin dela argitu du Aizpuruk. Asteburuan lortutako emaitzetan ere nabaritu da neke hori, baina normalean aritzen ez diren errugbi modalitate batean jokatu behar izateak ere ez du lagundu.
Larunbatean, Kataluaniako selekzioaren kontra jokatu zuten lehenik (0-42). Jarraian Ingenieros Industriales taldearen kontra 14-7 irabazi zuten. Hirugarren partida, Salvadorren kontra gauzak ez ziren ondo joan (43-0). Emaitza horiekin, taldeko hirugarren amaitu zuten Ampoko mutilek.
Igandean, Quesos Entrepinaresen kontra, gaizki hasi zuten eguna (14-7) eta Ingenieros Industrialesen aurka zazpigarren eta zortzigarren postuen lehian, prorrogan eskuetatik ihes egin zien garaipenak (12-17).
Aizpuruk Seven modalitatean «esperientzia hartzeko balio» izan duela esan du. Jokoari dagokionaz harago, talde giroa «indartzeko» ere balio dute horrelako hitzorduek. Datorren asteburuan Valentzian jokatuko dute.
‘Rookie’ onena sariak
Lide Erbina errugbilari ordiziarrak denboraldi bikaina egin du eta horregatik HSBC World Rugby Women’s Sevens Series Rookie saria jasotzeko izendatuen zerrendan dago. Harekin batera Emma Uren (Ingalaterra), Kristi Kirshe (Estatu Batuak) eta Samantha Treherne (Australia) daude izandatuta.