«Arte sorkuntzagatik bizi naiz, baina ez dut arteari esker jaten»
Legazpiko sarrerako errotondan 'Besarkada' bere eskultura jarri berri dute. Burgueraren (Legazpi, 1956) azken 30 urteetako lanen lagin bat Juan Kruzen ile-apaindegian dago.
Zein izan zen artearekin izan zenuen lehen hartu-emana?
Sormenerako dohainarekin jaiotzen bazara, bizitzak zidor horietatik eramango zaitu. Nik betidanik marraztu dut. Begi ninietan itsatsita daukat bost bat urte nitueneko oroitzapen bat. Be- hin, Juli andereño gogoangarriak apal batetik menbrillo lata bat atera zuen, urre kolorekoa zen. Handik atera zituen koloretako zati batzuk eta haur bakoitzari kolore bana eman zigun. Ez zait une hori sekula ahaztu. Marrazten hasi eta besteek baino hobeto egiten nuela konturatu nintzen. Gerora, plastikari lotutako ikasgaietan nabarmendu nintzen batik bat.
Zure prestakuntzan zein urrats eman zenituen?
Sei anai-arreba ginen. Aitak Patrizio Etxeberrian egiten zuen lan. Nik delineazio ikasketak egin nituen Gasteizen, han marraztu ahal nuelako. Eraikuntza interesatzen zitzaidan eta Burgosera (Gaztela) joan nintzen arkitektura teknikoa ikastera. Alabaina, gehiegitxo izan zen eta han utzi nituen ikasketa ofizialak.
Ordura arte, nire kasa ikasi nuen pintura. Burgosen nengoela, ordea, akademiatara joaten hasi nintzen. Bizimodua ateratzen hasi nintzen delineatzaile moduan eta, aldi berean, pintura munduan prestatzen jarraitu nuen. Soldaduska egin, eta delineatzaile lana utzi nuen klaseak ematen hasteko.
Orduan agertu zen Gregorio Aramendi.
Gipuzkoako azken buztingilea zen, zegamarra. Ikastaro bat antolatu zuen eta izena eman nuen beste lauzpabost ikasleekin batera. Hiru urtez aritu nintzen. Buztingile tradizionala zen eta haren lan egiteko modua gordetzeko zein berreskuratzeko beka bat eman zidan Jaurlaritzak.
Buztinak erakartzen ninduen, baita buztin aplikatuak ere. Hala, Lugon (Galiza) seminario bat egiteko aukera izan nuen, Sargadelos fabrikan. Lantegia gure eskura jarri zuten eta han beste pasta klase batzuk eta beste pieza tamaina batzuk ezagutu nituen. Zeramikaren beste dimentsio batekin topo egin nuen.
Buztingile bihurtu zinen.
Feriatara joaten nintzen eta zeramika pieza ohikoagoak ere sortzen nituen bizimodua ateratzeko. Erakusketak eta ikastaroak egin nituen beste proiektu batzuk gurutzatu zitzaizkidan arte. Hain zuzen, familia sortzeko proiektua. Ez dut arteaz bizitzeko zorterik izan. Arte sorkuntzagatik bizi naiz, baina ez dut arteari esker jaten. Horrenbestez, Osakidetzak deialdi bat egin zuen buru osasunaren alorreko tailer okupazionaletan lan egiteko, plaza atera nuen eta hala atera dut bizimodua. Orain errelebo kontratuan nago, erretiroa hartzeko bidean. Ordutegi ona izan dut eta arratsalde asko libre izan ditut nire sormen lana egiteko.
Bizimodua atera behar ez izan horrek izango zuen abantailarik, ezta?
Nire tailerreko bekaduna izan naiz. Tailerrera gozatzera joan naiz eta saltzearen zati horrek ez nau horrenbeste kezkatu. Saldu dut, baina piezak, lehenengo eta behin, nire gustukoak izan dira; gero, saldu baditut, itzel. Niretzat, inportanteena lanak gordetzeko tokia edukitzea izan da.
‘Besarkada’ eskultura dohaintzan eman diozu Legazpiko herriari eta dagoeneko jarri duzue.
Opari bat izan da niretzat. Nahi bezala muntatu ahal izan dut, horretan ere zorte onekoa izan naiz. Eskultoreentzat 1:1 eskalako piezak egin ahal izatea pribilegioa da, zeren gehienetan maketak egiten ditugu. Eskertuta nago, batez ere, Mitxel Errementeriako ugazabarekin. Oso pozik nago emaitzarekin.
Zer jaso duzu legazpiarren aldetik?
Gehienek esker oneko hitzak esan dizkidate. Ez dut piezei buruz asko kontatzeko ohiturarik, bakoitzak pentsatu dezala nahi duena. Oraingoan, baina, azaldu dut obraren zentzua zein den. Besarkada horretan elkarbizitzaren ideia dago.
Juan Kruzen ile apaindegian ere ikus daitezke zure lanak.
Zorretan nengoen Juan Kruzekin. Hamar urte dira erakusketak egiten dituztela eta aurten artista legazpiarren erakusketak egiten ari dira, ezin nuen hutsik egin. Espazio muga dago eta denetarik ekarri dut, hasi nintzeneko piezak eta azken hilabetean egin ditudanak.
Txalotzekoa da ile apaindegia erakusketa espazio bihurtu izana. Izan ere, artea ezin da ikusiko duten begirik gabe ulertu. Gero eta erakusketa leku gutxiago dago eta ile apaindegiarena oso eskertzekoa da.