Sari bereziarekin etorri da Kimetz Elkartearen 25. Kontaketa Lehiaketa
Ordiziako Kimetz Elkarteak 25. Kontaketa Lehiaketako sariak banatu ditu, musikaz jantzitako ekitaldian. Aurten 127 lan aurkeztu dituzte, horietatik 7 izan dira euskarazkoak. Antonio Tocornal mallorkarrak jaso du sari nagusia.
Ordiziako Kimetz Emakume Elkarteak 25. Kontaketa Lehiaketaren sari banaketa egin du. Partaidetza zabala izan da aurtengo edizioan, 127 lan aurkeztu dira guztira, horietako 7 euskaraz eta 120 gazteleraz. Epaimahaia literatur munduko adituek osatu dute, Luisa Etxenikek, Eli Tolaretxipik eta Felipe Juaristik.
Hiru kategoria desberdinetan eman dituzte sariak. Gaztelerako atalean Antonio Tocornal-aren (Son Severa-Mallorca) Una pincelada oscura en el cielo lan originalak eraman du saria eta 60 euroko dirusaria eraman du. Euskaraz Maite Arruti Arakistainen (Zarautz) Uste bezain ustel lan originalak irabazi du eta horrek ere, 600 euroko diru saria jaso du.
Lehiaketaren 25. urteurrenagatik sari berezi bat banatu dute. Emakume ordiziar batentzat izan da, Leire Mendizabal Iturriozentzat Zergatik? izenburua duen kontaketagatik. Mendizabalek 200 euroko saria jaso du.













