Basoa, natur ondare preziatua
Itsasondoko basoetara bisita gidatua antolatu dute, natur ondarea herritarren artean ezagutzera emateko. Udalaren lurretan erreserba mikologia egitea da asmoa
Natura da dugun ondare preziatuenetakoa eta ederki dakite hori itsasondoarrek. Herriaren eremuetan dauden basoak berreskuratzeko ahaleginean, eta herritarrek inguru hori ezagutzen eta maitatzen ikasteko asmoarekin, proiektu anbiziotsua jarri dute abian Goimenen laguntzarekin.
Azken urteetan 60 hektarea lur publiko bihurtu ditu Itsasondok. Murumendi azpian Itsasondoren lurretan dauden basoak dira. Horien kontserbazio egoera hobetzeko lanak egin dituzte. Sail batzuk onddo jangarrietan emankorrak dira gainera eta aitzakia hori baliatuz, basoen inguruan beste erabilera eta etekin batzuk egon daiztekeela erakutsi nahi diete herritarrei.
Iñaki Aizpuru Itsasondoko zinegotzia izan da proiektu horren garapenean lanean aritu den pertsonetako bat. «Ultzamako koto ekologikoa kudeatzen dutenekin harremanetan jarri eta Itsasondon ere erreserba mikologikoa egiteko asmoa agertu genien». Pixkanaka bide horretan pausoak eman dituzte jada. «Partzelak markatu ditugu eta eremu horien jarraipena egingo dugu hemendik aurrera», argitu du Aizpuruk. «Baso horiek kudeatzen eta onddoen produkzioak neurtzen» ari direla kontatu du itsasondoarrak, galtzeko arriskuan daudenak eta galtzeko arriskuan ez daudenak identifikatu, eta «espezieak mantentzeko zer egin dezakegun baloratzeko».
Irteera gidatua
Proiektu horren barruan Itsasondoko basoetara bisita gidatua egin zuten larunbatean. 20 bat pertsona animatu ziren eta herriko lur sailetan martxan duten ekimenaren xehetasunak eman zizkieten. Amaitzeko, ogi apurrak zizekin jan zituzten.