Hamabi alkate berrik kargua hartu dute Goierrin
Idiazabalen Izal Baik hautagaitza aurkezteari uko egin dio eta EH Bilduko alkategaiaren aldeko botoa eman dute; Ataunen ere EAJk uko egin dio, baina zuri bozkatu dute
Goierriko hamabi udaletan alkate berrik kargua hartu dute gaur goiz eta eguerdi partean. Idiazabal, Segura, Ataun, Itsasondo, Ordizia, Zerain eta Zaldibian, besteak beste, alkate berriak dituzte.
Idiazabalen udaletxeko batzar aretoa bete dute herritarrek. Izal Bai plataformako Ioritz Imaz alkate ohiak aginte makila eman dio Iñaki Alberdi EH Bilduko alkate berriari. Izal Baiek, gainera, bere hautagaitzari uko egin dio eta zinegotziok Alberdiren aldeko botoa eman dute. Den-denek karguari zin egin diote “legeak hala aginduta” formula erabilita. Txaloak eta malkoak ere nagusitu dira behin Alberdik kargua hartu duenean.
Ataunen ere bete dute udaletxeko batzar aretoa. Martin Aramendi EH Bilduko alkategaiaren alde egin dute bere alderdiko zinegotziek eta EAJko alkategai Xabier Barandiaranek euren hautagaitzari uko egin dio; jeltzaleek boto zuria eman dute. Mikel Aramendik aginte makila hartu du eta aretoan bildutako guztiei bi bertso idatzi banatu dizkie guztiak kantuan jarri asmoz. Hala, kantuan amaitu da kargu hartzeko ekitaldia. Barandiaranek, aurretik, euren aldetik “jarrera baikorrik besterik ez” dela izango esan du. Aramendik ere denek “norabide berean arraun egitearen” aldeko apustua egin du.
Itsasondon EH Bilduk irabazi zituen maiatzaren 26ko udal hauteskundeak eta Iñaki Aizpuru da alkate berria. EH Bilduko udal taldea honako zinegotziek osatu dute: Nagore Etxeberria, Gorka Martinez, Aiora Zurutuza eta Maddi Alberdi. EAJren taldea: Judith Otegi, Imanol Lasa.
Seguran udal gobernuan egongo den alderdia aldatu ez bada ere, alkate berriak hartu ditu udalaren bridak. Hain zuzen, Izarra Urdalleta da alkate berria eta haren alderdikideak udalbatzan honakoak dira: Ekhi Albisu, Iosune Telleria, Egoitz Apaolaza eta Ana Jose Zeberio. Zinegotzi jeltzaleak ondokoak dira: Karmele Arruabarrena, Jose Mari Muñoa, Kruz Redondo eta Xabier Olaziregi.
Zeraingo alkate berria Amaia Junquera da, EH Bildukoa. Udalbatza honela osatu dute: EH Bildutik Andoitz Apaolaza, Amaia Aranburu eta Arantxa Ruiz de Larrinaga; Zeraingo Herri Kandidatutik Aitzol Telletxea, Ainara Etxenagusia eta Jokin Intxausti.
Zaldibian ere alkate berria dute, herriaren historiako lehen emakumea gainera. Eh Bilduko Eztitxu Mujika izango da datozen lau urteetarako gidari udaletxean, alderdi bereko Mikel Luloaga, Unai Beloki, Jone Garmendia, Jon Luloaga, eta Laida Elizegi eta EAJko Garbiñe Mendizabal, Estibaliz Jakaeta Agurtzane Aiestaranekin batera.