Kepa Zubiarrain jeltzalea, Lazkaoko alkate
Lazkaoko udaletxean 11:00etan egin dute udalbatza berria osatzeko osoko bilkura. Adineko mahaia osatu, eta bozketa egin ondoren Zubiarrain, espero bezala, alkate izendatu dute
Lazkaoko udaletxean 11:00etan egin dute udalbatza berria osatzeko osoko bilkura. Ez da ezustekorik egon. Adineko mahaia osatu dute eta bozketa egin dute, ezkutukoa. Areto nagusian dagoen mahaiaren bueltan jarri dira EAJko zazpi zinegotziak eta EH Bilduko seirak. Botoa eman eta zenbaketa espero bezalakoa izan da, zazpi boto Kepa Zubiarrain EAJko alkategaiarentzat eta sei EH Bilduko Joxemari Ormazabalentzat. Zubiarrain da, horrenbestez, Lazkaoko alkate berria.
Bozketa amaitu eta tokiz aldatu dira. Alkateak bere tokia hartu du mahaian, eta zinegotziak zoriondu ditu eta eskerrak eman die. Udalbatzako kide izatea “ohorea eta ardura” dela esan du eta lazkaotarren aldetik “zaintza zorrotza izango” dutela erantsi du, baita “eredu izatea behartuta gaude” ere. Elkarrizketa bidea dela gehitu du, “kritika egitea zilegi eta beharrezkoa da, baina arazoen aurrean irtenbideak aurkitzea denon eginkizuna da”.
EH Bilduko Joxemari Ormazabalek hitz hartu du jarraian eta, besteak beste, guztion jardunaren helburua ongizatea izan behar duela esan du: “Ongizate materiala bakarrik ez, gizarte hobeago baten alde egitea ere bada”. Halaber, elkarlanaren alde egin du: “Elkarlanean aritu nahi dugu elkarren kontra baino”.