Harriak, Arriarango presaren barrenean
Arriarango urtegiaren 25. urtemugan, lau artistaren lanak bildu ditu presaren barrenean jarri duten 'Harriak: barru, barren, barrene' erakusketak. Uztailaren 14ra arte dago ikusgai.
Arriarango urtegia eta Nestor Basterretxeak berau apaintzen duen eskultura egin eta 25 urtera, arte sortzaileen bilgune bihurtu da berriro urtegia. Izan ere, bertako gela eta areto bihurrietan, harrizko horma handiaren barruan, jarri dute Harriak: barru, barren, barrene erakusketa. Nader Koochaki komisarioak, lau artistaren lanak bildu ditu bertan: Antoni Menchen, Ion Arregi, Martin Ferran eta Koenraad Van den Driessche egileenak.
Ostiral arratsaldean zabaldu zuten erakusketa, eta herritar ugari joan zen bertara, irekierarako. Biharamunean, larunbat goizez, Arriarango urtegiari itzulia eman zioten, Van den Driesschek gidatuta. Erakusketa, uztailaren 14ra arte egongo da ikusgai.