Martxoaren 8az geroztik garatu den Aizan! talde feminista aurkeztu dute
Herrian antolatu dituzten mobilizazioek izandako babes handia ikusita gorpuztu da taldea. 'Aizan!' Idiazabalen emakumeei deitzeko duten modua da, eta horregatik aukeratu dute
Martxoaren 8aren inguruan sortu zen Idiazabalen Aizan! Talde Feminista. Harrezkero hainbat elkarretaratze egin dituzte eta herritarrengandik babes handia jaso dute. Pasa den ostegunean, pauso bat gehiago eman eta taldea herritarren aurrean aurkeztu zuten.
Idiazabalen sortutako talde berriak «herrian talde feminista baten falta» sumatzen zuelako ekin zion bideari, eta hainbat gauza oso kontuan hartu dituzte, izena besteak beste. Aizan! izena aukeratu dute, Idiazabalen emakumeei deitzeko erabiltzen den hitz bat delako. Hitz hori erabiliz, herriko emakume guztiei parte hartzera dei egin nahi diete.
Berdintasunaren bideak
Taldearen helburua, «berdintasunaren bideak ekitea» izango da, eta «emakumezkoak emakume izate hutsagatik gizartean duten desabantaila egoerak aldatzea» izango dute ardatz, «bai esparru publikoan baita pertsonalean ere».
Taldearen sorrera bera helburu horretan tresna bat izan daiteke, ahalduntzea suposatzen baitu ekintzak gauzatzeko indarra eta baliabideak izatea. Desberdintasun egoerak identifikatu eta hori aldatzen saiatzeko proposamenak egingo dituzte. Horrez gain, ekintza desberdinak ere antolatuko dituzte, tailerrak eta formazio saioak besteak beste. Azkenik, herriko gainontzeko talde eragileekin elkarlanean aritzea da asmoa.