Etorkizun aukera berrien herria
Duela urte batzuk jarri zuen abian Itsasondoko Udalak Harrera Eguna ekimena. Herritar berriei ongi etorria emateko modua da. 64 erroldatu berri izan dituzte azkeneko urte honetan.
Jaioterria uzteko pertsona adina arrazoi daude. Norberak be- re bizkarrean zintzilik daukan motxilan daramana da kasu batetik bestera gehien errepikatzen dena: bizipenak, azal kolorea, gastronomia ohiturak, hizkuntza edo janzkera. Gizakia, ikusmenagatik gidatzen da batez ere eta bai, egia da gizartearen argazkia asko aldatu dela azken urteotan. Desberdintasunak desberdintasun, etorkizun hobeago bat bilatzearen nahiak batzen gaitu.
Azkeneko urteotan, Itsasondoko biztanleria nabarmen aldatu da. Kalean begirada batean ikus daitekeenaz gain, datuak hortxe daude. 2018ko ekainaren 1etik 2019ko ekainaren 1era 40 pertsona heldu eta 24 haur erroldatu dira herrian. Marokotik, Nikaraguatik, Senegaletik, Pakistanetik, Nigeriatik eta Espainiatik etorritakoak dira.
Itsasondo herri txikia da, bai, baina eskuzabaltasuna soberan dute itsasondoarrek eta ederki dakite kanpotik etorritakoak etxean bezala senti daitezen saiatzen. Badira urte batzuk Harrera Eguna egiten hasi zirela. Izenak berak pista ematen du. Herritar berriei ongi etorri ofiziala egiteaz gain, herria bera eta dauden zerbitzuen inguruko informazio guztia emateko baliatzen dute egun hori.
Aurten, sekula baino pertsona gehiago animatu dira hilaren 12an egindako ekitaldira, eta batek baino gehiagok ere hitzegin nahi izan du Harrera Egunari buruzko iritzia emateko eta Itsasondora ekarri dituen arrazoiak azaltzeko.
Lana, arrazoi nagusia
Ondoan dauden pertsona horien istorioak ezagutzea, horiengandik gertuago sentitzeko balio dute, baita mundua pertsona ausartez betea dagoela konturatzeko ere. Blessing Osusu Nigeriako hego-ekialdean dagoen Abor izeneko herri batetik dator. Aspaldi utzi zuen jaioterria. Sevillan bizi izan zen 10 urtez, baina orain dela sei hilabete Itsasondo aukeratu zuen, seme-alabekin batera zazpi urteko neskato bat eta bost urteko mutiko bat «etorkizun hobeago bat bilatzeko asmoz».
Hark kontatu duenez, «lana» da Itsasondora etorri izanaren arrazoi nagusia. Sevillan aukera gutxi izan du eta Goierrin bizi den lagun batek gomendatuta etorri da. Ez du egoera erraza: «Lan eskaintzaren bat izan dut, baina bi haur txikirekin, ordutegi batzuk konplikatu xamarrak dira». Familia aurrera ateratzea da bere borroka, eta Itsasondon edo Goierrin aukeraren bat sortuko zaiola espero du. Amak hainbat gauza kontatzen dituen bitartean, txikiak jolasean daude. Ederki egokitu dira, «euskaraz ere egiten dituzte hitz batzuk». Bizitzeko «toki aproposa» dela esaten du «lasaia», eta «gustura» dago.
Bide luzea eta hainbat geldialdi egindakoak dira batzuk: hain urrutitik ez datozenak ere badaude Harrera Eguneko partaideen artean. Salamancatik datoz Nazaret Gordo eta Pedro Arroyo, Masueco de la Riberatik, 300 biztanle inguruko herritik. Goierri lehendik ezagutzen zuten. Beasainen eta Idiazabalen bizitzen egon ziren duela urte batzuk. Lanagatik etorri ziren, baina lanean istripua izan zuen Arroyok eta Salamancara itzuli ziren. Urte batzuren bueltan, Goierrin dira berriz, «han etorkizunik ikusten ez» zutelako. Oraingo honetan Itsasondo aukeratu dute, «herri txikia da, baina beharrezko zerbitzu guztiak daude: udaletxea, medikua, farmazia, eskola, haurtzaindegia, denda, taberna, tren geltokia, autobus zerbitzua eta gainera, Ordizia eta beste herri batzuk ere gertu-gertu daude». Ume txiki bat du bikoteak eta Itsasondon errotzea nahi dute.
Ekimen positiboa
Harrera Egunaren inguruan ere eman dute iritzia herritar berriek. «Sorpresa» eraman zuten gonbitea jasotakoan. Horrelako ekimenak beste inon ez dute ezagutu eta «oso eskertuta» daude guztiak. «Herria bera, zerbitzuak eta gainera beste herritar batzuk ezagutzeko aukera bat da, herrian hobe integratzeko modu bat».