Herri izaerako ekitaldiak ugarituta ospatuko dituzte Olaberrian San Joan jaiak
Helduen kros mistoa berrikuntza izango da, igande arratsaldean. Herri afaria antolatu dute lehen egunerako, ostiralerako. Suak, juniorren txirrindu lasterketa eta otorduak mantendu dituzte
Ikuskizunak ikusteaz gain, festan norbera sartzeko aukera gehiago izango dituzte aurten olaberritarrek, San Joan festetan. Ekitaldi herrikoien antolakuntzan sakondu du Festa Batzordeak, eta hiru-bat berritasun nabarmen baditu egitarauak: herri afaria, helduen krosa eta jubilatuen bazkaria.
Ostiralean hasiko dira sanjoanak. Jolas-gelako erabiltzaileek jaurtiko dute ohorezko txupina. 9-11 urte bitarteko hiru neskatok irakurriko dute pregoia.
Lau egunetan, ohiko egiturarekin hornituko dituzte festak. Haurren eta mozorrotuen jardunaldia izango da lehena, San Joan bezperan tradiziozko osagaiak dira nagusi (lore bedeinkapena, arbola zutitzea, San Joan sua eta emanaldia), eta lasaitik agortuko da emana, 24an.
Herri afariak eta jatekoak
Herri afaria ostiral gauean egingo dute, kupela sagardoa eta edaria udalak jarriko ditu, baita mahaiak eta aulkiak ere. Afaria herritarrek nork berea eramango dute, baita tresnak ere. Mahaien erreserba udaletxean egin behar da (kultura@olaberria.eus edo 681 175 113).
Jan-edanik ez da faltako, egun bakar batean ere. Hasteko, haurrek eta erretiratuek bazkariak dituzte, ostiralean. Larunbatean, arkume txuletak parrillan erre eta banatuko dituzte (txartelak salgai, helduarena 20 euro, haurrarena 10); igandean, txerri saiheskia Gernikako piperrekin eta sagardoa izango dira; eta astelehenean hamaiketakoa eguerdian, eta sagardo eta txorizo dastaketa arratsean.
Kirolean, pilota eta krosa
Olaberria izanda, pilotak ere ez du hutsik egingo. Modalitate ezohikoa eta ikusgarria erakutsiko dute, gainera: erremontea. Galarreta frontoian (Hernani) aritzen diren profesionalek jokatuko dute: Urriza-Endika, Ansa II.a-Barrenetxea IX.aren aurka. Javier Urriza buruz buruko txapelduna da, azken urteetan izar nagusia. Paleta larruzko partidak osatuko du jaialdia: Amaia Irazustabarrena-Maider Huitzi eta Leire Galdos-Maider Mendizabal, nor baino nor.
Haurren krosak bigarren ekitaldia izango du, igandean. Arrakasta handiz jokatu zen lehenengoa, iaz. 2007-2014 urte artekoak irten litezke. Horren osagarri, eta berritasun, helduen kros mistoa dago, ondoren. Bikoteka egin behar da, 1,5 kilometroko ibilbidean, herrigunean bertan. Parte hartzera animatzeko esan dute antolatzaileek. Izena udaletxean eman liteke.
Saskibaloi txapelketa ere jarri dute, ostiral arratsalderako.
Jubilatuak ere festan
Aurreneko aldiz, San Joan jaietan mahai bueltan elkartuko dira jubilatuak. Bazkaria antolatu dute, Ihurre auzoko elkartean, ostiralean 14:30erako: sarrerakoak, paella eta ijito-besoa. Bingoan jolastuko dute gero.
Erretiratuen elkarteak erakusketa ere berreskuratuko du. Gaur irekiko dute, eta ekainaren 25era arte, kaskoko Ihurrezahar eraikinean eskulanak eta joskintza-lanak edukiko dituzte ikusgai, 16:00etatik 20:00etara.