Kontzertu jendetsu banarekin agurtu du Toberak ikasturtea
Ikasturtea bukatzeko kontzertu jendetsuak egin dituzte Tobera Musika Eskolako ikasleek, bata Zegaman eta bestea Seguran.
Tobera Musika Eskolak bi kontzertu jendetsu eginda agurtu du ikasturtea. Hilaren 13an Zegaman egin zuten emanaldia, eta 18an Seguran. Beroak eta euri arriskuak markatu zituen bi kontzertuak, baina azkenean aire librean eta arazorik gabe egin ahal izan zituzten. Ehun ikasletik gora bildu dituzte bi emanaldietan, eta bina orduko saioak osatu dituzte. Saioen ondoren, diplomak banatu dituzte ikasleen artean, eta Zegaman, afari-merienda ere egin zuten, txalaparta ikasleek girotuta.
Tobera Musika Eskolak jakinarazi duenez, datorren astean nota-txostenak banatzeko bilerak egingo dituzte familiekin, eta ondoren, oporrak hartuko dituzte irailaren 10era arte. Hala ere, udan zehar izango dituzte beste saio batzuk, San Joan suaren inguruko erromerian, jubilatuen egunean, edo Zegamako jaietan ere parte hartuko baitute musika eskolako ikasleek.