Urretxuko Udala industrialdeak txukuntzeko hainbat lan egiten ari da
Urretxuko Udala Mugitegi industrialdea txukuntzen ari da. Iaz Enpresa-garapenerako Euskal Agentziak (Spri) 113.646 euro eman zizkion eta aurten 106.496 euroko diru laguntza eman dio.
Iazko diruarekin B bidearen hasieran dagoen ezponda egonkortu zen, eta aurten E eta D bideak eta Mugitegiko sarrerak berrituko dira. Lanak udan egingo dira eta aurrekontua 204.000 eurokoa da.
Aurtengo diru laguntzarekin, berriz, Mugitegi industrialdeko A, B eta C bideak asfaltatuko dituzte. Lan horiek 2020ko maiatzerako amaituko dira. Bertan lan egiten dutenei ahalik eta kalte txikiena eragiten saiatuko dira. Horretarako, lanak ondo antolatzen saiatuko dira eta lehenbailehen dataren berri zehatza emango dute.
Argiteria ere berrituta
Urretxuko Udalak Energiaren Euskal Erakundearen diru laguntza ere lortu du. Mugitegi industrialdeko argiteria berritzeko, hain zuzen ere. Industrialdean 126 farola daude eta guztiak berritu dituzte. LED teknologia dutenak jarri dituzte. Aurrekontua ia 40.000 eurokoa da eta 15.758 euroko diru laguntza lortu da.
Udalak Matxinporta eta Sagastitxipi industrialdeetako argiteria ere berritu behar du. Egitasmo horren aurrekontua 35.000 eurokoa d,a eta kasu honetan ere diru laguntza lortzea espero du.