Astelehenean hasiko dituzte Trenbide kalea egokitzeko lanak
Beasaingo Udalak Trenbide kaleko errepidea konpondu eta aparkaleku plaza gehiago sortuko ditu.
Trenbide kalean segurtasuna eta aparkaleku plazak ugaritzea ekarriko duten birmoldaketa lanak hilaren 24an hasiko dira. Udalaren esanetan, «Barrendain plazatik Gernika pasealekuko eremua hartuko dituzte lanek osotasunean, bai aparkalekuak baita errepidea ere». Era horretan, errepidea berritzearekin batera, «trenbideen aldeko aparkalekuak errepidearen beste aldera pasako dira, honela erabiltzaileei errepidea zeharkatzeko arriskua galaraziko zaie». Gernika pasealekuaren aldean dauden aparkalekuen kokapena ere aldatu egingo dute, ibilgailuak baterian edo zeharka jarrita. Horrela, gaur egun Gernika pasealekuan dauden 97 ibilgailuentzako tokiaren ordez, 136 plaza egongo dira: «%40,2 igoko da aparkalekuen kopurua».
Aparkalekuak hustu
Lanak egiteko, aparkalekuak kenduz joango dira pixkanaka. Astelehenean hasiko den lehen fasean, Gernika pasealekuko espaloiaren aldeko lerroko aparkalekuak eta Trenbide kalean, Joan Iturralde kaletik Gernika pasealekuko parkineko sarreraren parera arte daudenak (trenbideak dauden pareta ondokoak) kenduko dira.
Bigarren fasea uztailaren 19an hastea aurreikusten dute eta Gernika Pasealekuko aparkalekuan baterian dauden aparkalekuak hustu beharko dira. Azken fasea urriaren 3 inguruan hasiko da: Trenbide kaleko ilaran falta direnak (trenbideen aldekoak).
Lanak Otegi Gaztañaga enpresak burutuko ditu. Sei hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten du udalak. 500.587,07 euroko kostua dute.
- 1. fasea (gorriz): Ekainaren 24an hasita, Gernika pasealekuko espaloiaren aldeko lerroko aparkalekuak eta Trenbide Kalean, Joan Iturralde Kaletik Gernika pasealekuko parkineko sarreraren parera arte daudenak.
- 2. fasea (berdez): Uztailaren 19an (gutxi gorabehera) hasita, Gernika Pasealekuko aparkalekuan baterian dauden plazak.
- 3. fasea (urdinez): Urriaren 3an (gutxi gorabehera) hasita, Trenbide Kaleko ilaran falta direnak.